Iosune Aiestaran kilometroak 2008 antolatzen duen Irurako ikastolako zuzendaria
Aiestaranek dioenez, atzoko festa herritarrek disfrutatu dezaten antolatu zuten, hemendik aurrera lana gogor egitea tokatuko baitzaie denei: "Orain mimatu egin nahi ditugu". Hilabete pasa da lekukoa jaso zenutenetik.
Zeintzuk izan dira lehen egitekoak?
Gure ikastola eta Irurako herria txikiak dira eta jada ia urtebete daramagu lanean, lan batzordeak osatzen, batzordeburuak finkatzen... Bergarako Kilometroetarako jada beharko ditugun lokalak ere bilatuta genituen. Kilometroak 2008ko arropa saltzeko denda Tolosan jarriko dugu adibidez, Kale Nagusian, Kutxak utzitako lokal batean. Hemen, Iruran, beste familia batek lokal handi bat utzi digu biltegi moduan erabiltzeko, bertan arropa sailkatu eta etiketatzeko, eta herriko okindegikoak utzitako beste lokal batean lanean jarraitzeko bulegoa jarri dugu, ikastola berriaren eraikina bukatu arte ez baitaukagu lekurik. Eta beste biltegi handi bat Udalak utzi digu, Bergaratik ekarritako traste guztiak gorde ahal izateko.
Noiztik ari zarete lanean, orduan?
Lehengo urteko martxoan esan ziguten guk antolatuko genuela 2008ko Kilometroak eta ordutik a 100 por hora abiatu ginen. Oso jende ona dugu gurekin lanean, ideia asko dituzte guraso gazteek eta gogoa ere badute. 15 batzorde daude jada osatuta eta gehienak ari dira lanean, bai zirkuitoa prestatu behar duena, segurtasunaz arduratuko dena, montaketa batzordea, garbitasuna, salmenta batzordea, ikuskizunez arduratzen dena... Horiek prestatu zuten atzoko festa Iruran.
Zein helburu zuen festak?
Herritarrei zuzenduta zegoen, eta anoetarrei ere bai, gure umeak gero hara joaten baitira eta lotura handia daukagu Anoetako ikastolarekin. Ume jolasak egon ziren, bertsolariak ere bai, gurasoa den Aitor Mendiluze izan zen eta Angel Mari Peñagarikano ere bai, bera ez da gurasoa baina lanera etorri zen! Txupinazoa eta frontoian barrikotea izan ziren, trikitilariak, urdaiazpiko baten zozketa...
Aurtengo ediziorako aukeratu duzuen lema eta logoa aukeratu dituzue jada?
Bai, eta Tolosako Leidor antzokian egingo dugun ekitaldian emango ditugu jakitera datorren astean, hilaren 18an, eta arropa desfilea ere egingo dugu. Hori izango da Kilometroak 2008ko aurkezpen ofiziala.
Buruan dituzue jada hemendik aurrera eta Kilometroak festa bitartean antolatuko dituzuen bestelako ekimenak?
Herrian urte guztian zehar ekitaldi ugari izango direla badakigu, kirol ekitaldiak, bertsolari gaztetxoenak... Baina zehaztu gabe dago oraindik. Dosifikatu egin behar da! Duela hilabete hasi zen lanean Joxe Mendizabal, koordinatzailea izango dena, batzorde guztiak koordinatuko dituena. Jendeak dituen ideia guztiak ikusita, akuiluarekin ere ibili beharko du batzuetan!
bere hitzetan "300 pertsonak eman dute izena jada antolakuntzan laguntzeko; herri guztia dantzan dabil"
0 comentarios:
Publicar un comentario