Irura Kilometroak eraikitzen hasi da

Logoa eta lema aukeratu dituzte jada eta arropa ere salgai jarriko dute bihartik aurrera irura eta tolosan



Abiatu da Kilometroak 2008. Tolosako Leidor antzokia lepo, Irurako ikastolako ikasle, irakasle eta gurasoak igo ziren atzo taula gainera aurretik duten urteari begira, bailara guztiko lagunei elkarlanean aritzeko eskatzeko. Izan ere, guztien artean "eraikitzen" hasi baitira jada ikastola berria hartuko duen eraikina eta, hain zuzen ere, lema hori aukeratu dute Irurak datorren urteko urrian hartuko duen Kilometroak festarako: eraikitzen .


Milaka pertsonen aurrean deskubritu zuten Tolosako jaialdian bai lema berria eta baita logo berria ere, hirusta antzeko bat. "Hiru adar ditu Iruran delako, lauburua izango li-tzateke bestela", Kike Amonarriz saioko aurkezleak adierazi zuen bezala. Berarekin, Nerea Alias anoetarra aritu zen taula gainean.


Logoa eta lema aukeratuta, Kilometroetako arropa ere prest dute jada Irurako ikastolakoek eta ikusleei erakusteko desfile berezia egin zuten Leidorren ikasle eta irakasleek, jertse, kamiseta, txano, galtza, poltso eta bufandak soinean, eszenatokia pasarela bihurtuz.
Modeloekin batera, Pirritx eta Porrotx pailazoak ere izan ziren Leidorren eta publiko artean zeuden guraso eta haurrak haiekin abesteko animatu zituzten, azken urteotan hain ezagun bihurtu den Maite zaitut abestiaren doinuak jarraituz. Magia egitera ausartu eta txakur batentzako arropa ere lortu zuten

Kilometroetako logoarekin. Perkusioa eta dantza ikuskizuna izan ziren eta zozketa berezi bat ere bai, Kilometroen antolakuntzak Tolosan bertan bihartik aurrera zabalduko duen dendan arropa eta osagarrietan gastatzeko txekea, hain zuzen ere. Iruran ere biltegi batean salgai izango da arropa.


Irurako ikastolako arduradunek esan dute behin eta berriz herri txikia dutela eta inguruko biztanleen laguntza beharrezkoa izango dutela. Hori dela eta aukeratu zuten Tolosa herritarrei Kilometroak martxan dela jakinarazteko eta, nola ez, lemak dioen bezala, ikastola berria ez ezik, Kilometroak festa ere eraikitzen laguntzeko eskatzeko.


Ikastolak 140 ume ditu eta orain artean hiru eraikinetan daude, Haur Hezkuntzakoak alde batetik eta Lehen Hezkuntzakoak bestetik, Udalak eta irurarrek utzitako lokaletan. Kilometroekin lortuko duten dirua eraikin berria finantzatzeko erabiliko dute. Uda hasierarako bukatuta izatea espero dute eta, beraz, han izango dira datorren ikasturtean.

0 comentarios: