'Eraikitzen', Kilometroak 08ko leloa

Urtebete barru Iruran milaka euskaltzale elkartuko dira, bertan ospatuko baita 2008ko Kilometroak jaialdia. «Eraikitzen» leloa ardatz izango du eta hiru buruko euskal ikurra gogora ekartzen duen ikonoa, berriz, logoa izango da. Ikastola berria eraikitzea izango dute helburu antolatzaileek, hiru bide baina proiektu bakarra islatzen duen Irurako Ikastola Kooperatiba Elkarteak.

Ez zen ez ohiko aurkezpena izan atzo Tolosako Leidor Aretoan egin zutena. Ez zen ez mahairik, ez eta bere jiran eserita pertsonarik. Aldiz, ehunka izan ziren aretoko eserlekuetatik Kilometroak ´08ren aurkezpena ikusi, entzun eta gozatu zutenak. Batik bat, haurrak. Agerraldia baino, ikuskizunez betetako ordubeteko jaialdia izan baitzen.

Eguerdiko hamabiak ematekoak zirenean, dozenaka ziren Leidor aretoaren aurreko ilaran prest zeuden gurasoak eta haurrak. Kilometroak ´08 antolatuko duen ikastolaren izaera kontuan izanik, Irurako, Anoetako, Tolosako eta inguruko herrietako lagunak bertaratu ziren; Irurako ikastolak hiru bide batzen baititu, logoak erakusten duen bezala, elkarren ondoan dauden hiru udalerriotan bananduta baititu bere hiru eraikinak.

Jaialdiaren aurkezleak, ostera, beste arrazoi bat ere eman zuen Kilometroak Iruran egingo dela azaltzeko. Logoari so egin eta Iruran izango zela ondorioztatu zuen, «ikurra lauburua izango balitz, Kilometroak Leaburun egingo bailirateke».

Dantza, batukada, «Noaoa»

Txiste kontaketetan duen afizioari muzin egin ezinik ibili zen Kike Amonarriz. Bera eta Nerea Alias telebistako aurkezlea aritu ziren aurkezpen-jaialdiaren gidari lanetan.
Areto osoa ilunpetan zegoela hasi zen ikuskizuna. Bertaratu ziren ehunka haurrak isil-isilik eta adi-adi geratu ziren ahots sakon bat hizketan hasi zenean. Kilometroak bera zen Irurako ikastolako lagunak agurtu zituena eta euskaltzaleen jaialdiaren gakoa zein den aditzera eman zuena: «Ametsak elkartasunaren zutabe sendoetan eraikitzen dira». Segidan, agertokiko lurrean zeuden maindire zuriak zutitu ziren, eta atzeko bi aldamioetan beharginak azaldu ziren, Kilometroak ´08ren leloa eta logoa erakusten.

Maindire zuriak ziruditenak, ordea, Lur dantza taldeko dozena bat dantzari ziren. Dantzaldi ikusgarria eskaini zuten, koreografia berri eta ederrarekin. Hauek ere, beharginak bezala, Irurako ikastola berria «eraikitzen» hasi ziren.

Halako batean, haurrek segituan ezagutu zituzten bi pertsonaia igo ziren oholtzara: Pirritx eta Porrotx pailazoak. Aste honetara arte salmentan egon ez arren, Euskal Herriko pailazo ezagunenek soinean zeramaten Irurako Kilometroak-en elastikoa. Haurren eta ez horren txikien irriak eta algarak eragin ostean, jendez lepo zegoen aretoa mugimenduan jarri zuten, denek «maite zaitut, pila, pila, pila patata tortila» kantatzen zuten bitartean.

Ondoren, pailazoek aurreratu zuten Kilometroak arroparen diseinu guztiak erakutsi zituzten agertokian. Gaurtik aurrera Tolosan izango da 2008ko Kilometroak-en arropa salduko den denda. Atzokoan Irurako ikas-tolako ikasleak eta irakasleak izan ziren diseinu guztiekin desfilatu zutenak. 0-3 urteko haurrekin hasi ziren, nerabezaroko gazteek jarraitu zuten, eta azkenik helduen arropa eraku-tsi zuten. Sorpresa gisa, «Noaoa» umorezko telebista saioko lau kidek ere Leidorren desfilatu zuten.
Bukatzeko, giro ederrean, batukadaren soinuekin ezpata-dantzaren bertsio berritua dantzatuz amaitu zen jaialdia. Baina, aldi berean, Kilometroak antolatzeko lanei hasiera besterik ez zitzaien eman.

0 comentarios: