KILOMETROAK EGUNEKO ARGAZKIAK

INAUGURAZIO EKITALDIA


I

«Lana eginez gozatu nuen Kilometroak egunean»

Igor Elortza ormaiztegiarra, Gipuzkoako Ikastolek antolatzen duten Kilometroak jaiaren koordinatzaile lanetan aritzen da duela zazpi urtetik. Irurako jaia pasa ondorenean, erabilitako guztia jasotzen eman dituzte egun hauek. Azken hilabete gogorraren ondoren, «lo beharrean» dagoela aitortu zuen.


Nolako emaitzak utzi ditu Irurako Kilometroak egunak?

Zirkuituan izan zen jende kopuruagatik benetan gustura geratu gara. Baita ekitaldiek izan zuten harrera eta parte-hartze handiagatik ere. Ikastolako guraso zein irakasleak ere gustura geratu dira izandako erantzunarekin. Gainera, Renfek zenbakirik eman ez badigu ere, jende askok erabaki zuen trenez etortzea, eta hori lortzea zen gure erronketako bat. Bestalde bizikletaz etortzearen berrikuntzari ere ondo erantzun zion jendeak. Guneak eta zirkuitua bera ere txiki geratu ziren irudipena dugu. Beraz, alde horretatik, aurreikuspenak bete egin ziren.
Emaitza ekonomikoari dagokionez, hori ez da sekula nahikoa izango, beti beharko baita gehiago. Hala eta guztiz ere, oraindik ez daukagu jakiterik igandeko festak zenbateko irabaziak eman zituen.
Behin eta berriz entzun dugu Irura dela orain artean Kilometroak jaia antolatu duen herririk txikiena. Zer dakar horrek?

Alde onak eta txarrak ditu herri txikia izateak. Kontua da horrelako festa bat antolatzeko jende asko behar dela, bai urtean zehar lanean aritzeko eta baita egunean bertan ere; eta herri txiki batean hori falta da.
Bestetik, badu alde ona ere, hurbiltasun handia lortzen da lanean gabiltzanak gutxiago izanda. Horrek asko balio du, giro ona sortu eta lana arinagoa bihurtzen baita.
Horrelako festa antolatzerakoan zer izan da buruhauste gehien eman dizuena?
Batez ere segurtasunak eman digu lana. Aurten esfortzu berezia egin behar izan dugu arlo horretan. Edonon, jende multzo handiak biltzen diren lekuan beharrezko dira hainbat neurri hartzea ezbeharrak gerta ez daitezen, eta gertatzen badira ahalik eta irtenbide onena eman ahal izateko.
Irurako kasuan arazorik handiena, edo gehien arduratzen gintuena ibilbidearen zati batzen N-I errepidearen ingurutik pasatzen zela zen. Arrisku puntu handia zen hori, eta buruhauste ugari ekarri zizkigun. Horrelakoetan, gauzak ondo joanez gero ez dago zertan ezer gertatu. Hala ere, beti dago ankerkeriaren bat egitea, errepidera irtetea esaterako, bururatzen zaion baten bat. Hori ekidin beharra zegoen, eta horrek lan handia ematen du.

Urte osoa lanean eman duzue Kilometroak antolatzeko lanetan ibili zaretenek. Izan al zenuten egunean bertan gozatzeko aukerarik?


Urte osoan bezala, egun horretan ere lanean aritu ginen gelditu gabe. Goizean goiz lanean hasi, egunean zehar lanean segi, eta gaueko ordu bi eta erdiak inguruan amaitu genuen. Hala ere, bitartean ogitartekoren bat jateko-edo tarterik hartu genuen. Eguna lanean eman arren, asko gozatu genuen. Lana gozatuz egin genuen.


Zer izan du ezberdin Irurak gainerakoekin alderatuta?


Azpimarratzekoa izan da urtean zehar egin den ekitaldi sorta. Urte osoan zehar lan handia egin dugu Iruran, ekintza ugari antolatu ditugu. Lehengo urteko azaroan hasi ginen gogor lanean eta ordutik hona ia geratu ere egin gabe eman dugu urtea.

Horrela bat-batean burura etortzen zaizkidanen artean, batetik, Tolosako Leidor aretoan jende andana bildu zuen ikuskizuna egin genuen Pirritx eta Porrotx pailazoekin. Beste batean moda desfilea ere egin genuen, gero herriz herri saltzen direnak erakusteko. Apirilean rally-a antolatu genuen, eta bigarren eskuko produktuen azoka ere bai. Eguneko bereizgarri berriz, jende izugarri hurbildu zela eta giro bikaina sortu zela Irura eta Anoeta arteko ibilbidean.
Nabarmentzekoa da, bestalde, Kilometroak egunaren aurretik irailean bertan izan zirela Irurako jaiak. Festa asko elkarren atzetik, eta horrek erabat nekatuta utzi gintuen.


Behin Irurako Kilometroak jaia igarota, Donostiako Zurriolaren txanda iritsi da...
Hasi dira lanean dagoeneko! Zurriola ikastolari egokitu zaio datorren urteko Kilometroak jaia antolatzea, eta dagoeneko martxan dira zenbait prestaketa lan. Garaiz hasi beharra dago, bestela denbora pasa egiten da. Nik orain atseden hartuko dut. Egun luzeak eta gogorrak izan dira, eta lasaitasuna eta atsedena hartu beharra daukat. Egun hauetan behintzat, lo beharrean nago.

Donostiako Zurriolako Ikastolak onartu du kmk-09 antolatzeko erronka



Donostiako Zurriola ikastolak antolatuko du KMK'09. Gros-Ategorrieta auzoko ikastetxe honek ezin ditu gaur egun eskaera guztiak bete eta beste eraikin bat egin nahi du. Helburu horrekin hartu du datorren urteko festa antolatzeko ardura.

Ohiko eszena errepikatu zen atzo. Aurtengo KMKen arduradun nagusia, Irurako ikastolako lehendakaria den Sorkunde Irazuk, lekukoa eman zion Gipuzkoako Ikastolen Federazioko lehendakari den Arantza Manterolari, eta honek Zurriolako buruzagiei eman; alegia, Joxe Mari Eizmendi lehendakariari eta Aurkene Mora zuzendariari.

Batez ere Gros, Ulia, Intxaurrondo eta Egiako ikasleak hartzen ditu ikastetxe honek. «Ibaia halako muga bat da. Donostiako erdialdetik, ibaiaz bestaldeko auzoetatik, jende gutxi etortzen zaigu», adierazi zuen Aurkene Mora zuzendariak.
Kontuan izan behar da orain dela urte batzuk Barandiaran Lizearekiko batuketa-prozesuari ekin ziola Zurriolak, eta batze hori burututa dago. Halaxe, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ildoak ugaldu egin ditu.

Gaur egun 958 ikasle ari dira, hasi Lehen Hezkuntzan eta Batxilergoaren bukaera arte. Lanbide Heziketako moduluetan, berriz, beste 78 ikasle ari dira.

Atzo, lekukoa jasotzen, hau esan zuen Eizmendi lehendakariak: «Ikastera etorri gara. Erronka handia da guretzat. Inbidia handia eman digute hor bideoan ikusi ditugun leku-aldatzearen irudi horiek. Seguru lortuko dugula Kilometroak on bat antola-tzea. Indar guztia jarriko dugu horretan. Eskaera bakarra daukat: mesedez kontaidazue zer egin duzuen eguraldi hau izateko, KMK antolatzeko protokoloetan ez baitu honi buruzko ezer esaten».
Irazuk, Irurako lehendakariak, hau opatu zien donostiarrei: «Bakarrik, guk gozau dugun aina giza dezazuela»

Atzoko lekuko-emate ekitaldia ez-ohikoa izan zen. Jeneralean, omenaldi-ekitaldia ere izango da, eta gehienetan ikastolaren sor-tzaileei gorazarre eginten zaie. Atzo ez zen horrelakorik egin.
Ikastolako ekitaldi-aretoan bildutako hezkuntza, politika eta kultura munduetako ordezkariei bi bideo erakutsi zitzaien, non azaltzen baitzen Irurako ikastolaren historia.
Umorez zipriztindutako ekitaldia izan zen. Kike Amonarriz Euskal Telebistako aurkezlea arduratu zen aretoa girotzeaz, horretarako maisu-plantak egiten hasi zelarik. Paper batzuk banatu zituen ikusleen artean, eta hauek bideo-lanetan emandako datu batzuei buruzko galderak erantzun behar zituzten.

Ez-ohiko aurpegiak

Atzoko hasiera-ekitaldira politika munduko ordezkari ugari agertu ziren. Alderdi nazionalista eta abertzaleetako ordezkariez gain, atzokoan PSEko kide bat azaldu zen, Rafaela Romero, Ba-tzar Nagusietako lehendakaria.
Saiatu zen kazetarien aurrean adierazpen labur batzuk euskaraz egiten.
Beste ez-ohiko aurpegi bat Xabier Azanzarena izan zen. Euskararen Nafar Institutuko zuzendaria oso bigarren planoan egon zen goiz osoan zehar, bere burua nabarmendu gabe. Inoiz Patxi Baztarrika Eusko Jaurlariztako Hizkuntza Politikarako idazkariarekin hitz egin zuen; jakina denez, bi erakunde hauek elkarlanean hasiak dira, urteetako etenari amaiera emanda.

JENDE UHOLDEA

Milaka lagunek egun pasa ederra
egin zuten atzo Irura eta Anoeta bitartean antolaturiko zirkuituan


Une heldu da; eta pasa da... Bizikletaz, autobusez, autoz, trenez eta oinez. Era guztietako garraiobide ailegatu ziren atzo goiz goizetik euskaltzaleak Irurara. Denak ere asmo berdintsuarekin, ongi pasatzea eta jai giroaz gozatzea. Hotz egiten bazuen ere goiztiar ibili zen jendea, eta 10:00etarako ibilbideko kaleak beteta zeuden. Hotzari aurre egiteko hainbat aukera erabili zituzten euskaltzaleek: batzuk arropa, besteek edaria eta zenbaitek dantzan hastea.

Bost gune zituen ibilbideak, orotara, sei kilometro eta erdiko bidea osatuz. Batzuk, egunari hasiera emateko ibilbide guztia zeharkatu zuten. Gune bakoitzean zer zegoen ikusi ondoren, arratsaldea non pasa aukeratzeko. Guraso gazteak haurrak soinean zituztela ikusi zitezkeen, baita Kilometroen jarraitzaile beteranoak ere. Hau da, lehen ikastolak eraikitzen lagundu zutenak. Kilometroetan adin, sexu eta jatorri guztietako lagunentzat egon zen tokia. Horren adierazle izan zen, urtero 100.000 pertsona inguru hurbiltzen zirela Ikastolen aldeko festara.

Urtero irudi berdintsuak errepikatzen direla esan daiteke: agintariak zinta mozten, aldarrikapenak, jende ilarak ibilbidera sartzeko, jokuak, kale animazioa, kontzertuak, bertsolariak eta haurren jolasak. Baina hala ere jendea ez da aspertzen eta egun paregabea izaten da gehienentzat.

Guneetan ekitaldi ugari

Goizean nahiz arratsaldean ekitaldi ugari izan ziren eta guztiek izan zuten gozatzeko aukera: kontzertuak, dantzaldiak, kirolak, jokoak, janaria, edaria, haurrentzako ekitaldiak,... Ez zen ezer falta. Jendeak ere ondo erantzun zuen eta gune guztiak bete ziren. Bisitariak gune guztietan zabaldu ziren eta ez zen gune hutsik izan. Egunak bereak egin du eta biharamunarekin guztia biltzeko unea heldu da...

Antolatzaileen garraio publikoaren aldeko deialdiari "ondo baino hobeto" erantzun zion jendeak



Antolakuntzak atzoko egunaren balorazioa egiteko garaian bi hitz erabili zituen: "Ona eta sekulakoa". Eguraldia lagun, jendetza ikaragarria bildu zen atzo Iruran eta Anoetan, ibilbideak bi herriak har-tzen baizituen. "Etorri den jende andana kontuan hartuta, eta Kilometroak-08k eskaini duen zerbi-tzuari erreparatuta, irakurketa ona besterik ezin dela egin" adierazi zuten antolatzaileek.
Esan zutenez, hainbestekoa izan zen bildutako jende kopurua, ibilbidean moldaketa txiki batzuk ere egin behar izan zituztela antolatzaileek. Esaterako, bazkal orduan, Anoeta eta Irura arteko zubia zabaldu egin behar izan zuten. Ordu horretan, izan ere, Anoetako Renfeko geltokira oraindik jende asko iristen ari zen.


Jende pilaketak sortu ohi dituen arazo txikiak baino ez ziren gertatu ordu horretan. Batik bat, galdutako umeak izan ziren arazo horien iturri. Dena dela, antolatzaileak gustura agertu ziren, aurten abian jarritako identifikazio eskumuturrekoen sistemak asko erraztu baizuen lan hori.


Aurtengo jaiak berrikuntza ugari zituen eta hauetaz ere antolatzaileek irakurketa baikorra egin zuten. Txirrinduentzako aparkalekuak bete egin ziren, topalekuetan ere joan etorria etengabea izan zen eta bluetooth bidez milaka jendek informazioa jaso zuen.

Arratsalderako, ogitartekoak ia agortuta zeuden 2.000 lagunetik gora bazkaldu eta gero

jantokiak beteta Txosna eta jantokiekin ere gustura zeuden. Jantokiak bete egin ziren -2.000 lagunetik gora izan ziren bazkaltzen-. Txosnetan, arratsaldeko lehen orduetan ogitartekoak ia agortzen ari ziren. Garraio publikoaren erabilera izan zen, aldiz, antolatzaileek gehien azpimarratu zutena. Izan ere, Iruratik egindako deialdiari ondo baino hobeto erantzun zion jendeak, eta hori izan zen festara bertaratutako gehiengo handi batek erabili zuen garraiobidea.

Kilometro eguneko ekitaldien bideoak




















kilometroak 2008ko eguneko inaugurazio ekitaldia