Irurako kilometroak 2008, gertuago

Azaroaren 11n, herritarrek txupinazoa bota zuten frontoian 11 hilabeteotako ibilbideari hasiera emateko.





Iluntzean, 20:00etan izan zen hori, baina aurretik ere aurkezpen festa horren lekuko izan da Irurako plaza. Izan ere, arratsaldeko 18:00etatik plaza umez, eta ez hain umez gainezka izan zen, haientzat prestatutako joko eta jolasetan parte hartzeko.



Frontoian, hotzari aurre eginez, iluntzeko jai giroa prestatzen aritu ziren, bitartean. Bi urdaiazpiko moztailek herritarren artean banatzeko platerak prestatzen, musika giroa alaitzen, 20:00ak noiz joko zain.


20:00ak pasatxo zirenean txupinazoa bota zuten, eta horren lekukoa, bertsolariek hartu zuten. Aitor Mendiluze Irurako bertsolaria eta Angel Mari Peñagarikano anoetarrak KMK-08 Iruran ospatzearen beharra nabarmendu zuten, eta Irurako zein eskualdeko herritar guztien parte hartzea eskatu zuten.

Sorkunde Irazu Ikastolako lehendakariak eta Iosune Aiestaran zuzendariak hartu zuten hitza ondoren. Irazuk nabarmendu zuen Ikastolak duela bi urte hasi zuela datorren urtean ospatuko den KMK-08ra eramango dituen bidea, eta gelditzen dena guztien artean egitearen beharra azpimarratu zuen: Ikastolako langile, guraso, irakasle eta ikasleak, eta baita Irurako beste herritar guztiak ere. “Guzti honek hainbat eta hainbat jenderen inplikazioa eskatzen du, eta denen artean egingo dugu”adierazi zuen.

Jarraian antolaketa-prozesuak ordurarte emandakoaren berri eman zuen, osatuak zeuden lan-talde desberdinen aipamena eginez eta bertan parte hartzeko izena eman dutenei eskerrak eta animoak emanez.Iosune Aiestaranek Irurako Ikastolako sortzaileak eskertu nahi izan zituen eta beraientzat txaloak eskatu zituen. Ondoren, bildutakoei eta urte honetan Kilometroak antolatzen lagunduko duten guztiei eskerrak emanez amaitu zuen ekitaldia.


Ondoren, barrikotean, herri afarian eta erromerian 400 pertsonatik gora elkartu ziren, haur, gazte, heldu eta nagusiak, urdaiazpikoa zozketatu zuten.



Afaldu ondoren Izarne eta Markos trikitilariekin erromerian aritu ziren gauerdira arte.






0 comentarios: