Irura herri txiki bat dela gauza jakina da dagoeneko. 1.400 biztanle ditu egun eta herrian dagoen eskola bakarra da ikastola. Ikastolan, herriko 106 familiatako 140 haur daude eta bertan 15 langile ari dira gaur egun. Ikastolako ikasleek eta irakasleek 3 eraikin ezberdinetan banatuta daude.
Begi bistan da Irurara hurbilduz gero, eraikin berri baten beharra dutela. Duela hiru urte eraikin berriaren proiektua diseina-tzen hasi ziren eta dagoeneko, 'ikastola berriaren' zutabeak jarrita daude. Lehen urratsak emanak dira proiektu erraldoi honetan, baina orain ametsa egi bihurtzeko 1.800.000 euro behar dituzte. Horietatik, Irurako Udalak 600.000 euro jarriko ditu, baina gainon-tzeko guztia ikastolako guraso, bazkide eta lagunek lortu behar dute. Horregatixe onartu zuten Kilometroak 08 antolatzeko erronka erraldoia. Erraldoia, inoiz Gipuzkoan ez baitu horrelako ikastola txiki batek Kilometroen jaialdirik antolatu.
Txiki baina bizirik
Atzo argi utzi zuten, Gipuzkoako ikastolen elkartearen egoitzan emandako prentsaurrekoan. Bertan, Irurako ikastolako ordezkariak, Josune Aiestaran zuzendaria, Sorkunde Irazu lehendakaria, Joxe Mendizabal KMK08 koordinatzailea, Arantza Manterola GIEko lehendakaria eta Igor Elortza koordinatzailea izan ziren. Josune Aiestaranek bere azalpena egiterakoan ikastolaren ibilbidea azpimarratu zuen. «30 urte ditu ikastolak eta azken urteetan ume kopuruak gora egin du eta beharrak ere handitu egin dira», esan zuen. Gainera, «ikastola txikia da gurea, baina beti Anoeta eta Tolosakoekin harremana estua izan dugu. Herri bakoitzak bere nortasuna mantendu dugu, baina denon artean kalitatezko hezkuntza eskaintzeko gai izan gara».
Elkartasuna
Elkarren arteko harremanei buruz Sorkunde Irazuk hitz egin zuen baita ere: «Irurako ikastolakoek herrian antolatzen diren ekintza guztietan hartzen dugu parte, eta orain, gu denon lagun-tzaren beharra dugu Kilometroak 08 antolatzeko». Bailarako proiektu bat dela azpimarratu zuten Irurako ikastolakoek eta deialdi bat luzatu zien «Tolosaldeko biztanle guztiei parte har dezaten ahal duten neurrian euren laguntza eskaintzeko». Herri txiki bat izan arren, bizirik dagoen ikastola dute Iruran eta lana egiteko prest daudela garbi geratu zen Leidorren, zuzendari esanetan «guraso gazte asko daudelako ilusio handirekin».
0 comentarios:
Publicar un comentario