Mostrando entradas con la etiqueta KMK´08. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta KMK´08. Mostrar todas las entradas

«Lana eginez gozatu nuen Kilometroak egunean»

Igor Elortza ormaiztegiarra, Gipuzkoako Ikastolek antolatzen duten Kilometroak jaiaren koordinatzaile lanetan aritzen da duela zazpi urtetik. Irurako jaia pasa ondorenean, erabilitako guztia jasotzen eman dituzte egun hauek. Azken hilabete gogorraren ondoren, «lo beharrean» dagoela aitortu zuen.


Nolako emaitzak utzi ditu Irurako Kilometroak egunak?

Zirkuituan izan zen jende kopuruagatik benetan gustura geratu gara. Baita ekitaldiek izan zuten harrera eta parte-hartze handiagatik ere. Ikastolako guraso zein irakasleak ere gustura geratu dira izandako erantzunarekin. Gainera, Renfek zenbakirik eman ez badigu ere, jende askok erabaki zuen trenez etortzea, eta hori lortzea zen gure erronketako bat. Bestalde bizikletaz etortzearen berrikuntzari ere ondo erantzun zion jendeak. Guneak eta zirkuitua bera ere txiki geratu ziren irudipena dugu. Beraz, alde horretatik, aurreikuspenak bete egin ziren.
Emaitza ekonomikoari dagokionez, hori ez da sekula nahikoa izango, beti beharko baita gehiago. Hala eta guztiz ere, oraindik ez daukagu jakiterik igandeko festak zenbateko irabaziak eman zituen.
Behin eta berriz entzun dugu Irura dela orain artean Kilometroak jaia antolatu duen herririk txikiena. Zer dakar horrek?

Alde onak eta txarrak ditu herri txikia izateak. Kontua da horrelako festa bat antolatzeko jende asko behar dela, bai urtean zehar lanean aritzeko eta baita egunean bertan ere; eta herri txiki batean hori falta da.
Bestetik, badu alde ona ere, hurbiltasun handia lortzen da lanean gabiltzanak gutxiago izanda. Horrek asko balio du, giro ona sortu eta lana arinagoa bihurtzen baita.
Horrelako festa antolatzerakoan zer izan da buruhauste gehien eman dizuena?
Batez ere segurtasunak eman digu lana. Aurten esfortzu berezia egin behar izan dugu arlo horretan. Edonon, jende multzo handiak biltzen diren lekuan beharrezko dira hainbat neurri hartzea ezbeharrak gerta ez daitezen, eta gertatzen badira ahalik eta irtenbide onena eman ahal izateko.
Irurako kasuan arazorik handiena, edo gehien arduratzen gintuena ibilbidearen zati batzen N-I errepidearen ingurutik pasatzen zela zen. Arrisku puntu handia zen hori, eta buruhauste ugari ekarri zizkigun. Horrelakoetan, gauzak ondo joanez gero ez dago zertan ezer gertatu. Hala ere, beti dago ankerkeriaren bat egitea, errepidera irtetea esaterako, bururatzen zaion baten bat. Hori ekidin beharra zegoen, eta horrek lan handia ematen du.

Urte osoa lanean eman duzue Kilometroak antolatzeko lanetan ibili zaretenek. Izan al zenuten egunean bertan gozatzeko aukerarik?


Urte osoan bezala, egun horretan ere lanean aritu ginen gelditu gabe. Goizean goiz lanean hasi, egunean zehar lanean segi, eta gaueko ordu bi eta erdiak inguruan amaitu genuen. Hala ere, bitartean ogitartekoren bat jateko-edo tarterik hartu genuen. Eguna lanean eman arren, asko gozatu genuen. Lana gozatuz egin genuen.


Zer izan du ezberdin Irurak gainerakoekin alderatuta?


Azpimarratzekoa izan da urtean zehar egin den ekitaldi sorta. Urte osoan zehar lan handia egin dugu Iruran, ekintza ugari antolatu ditugu. Lehengo urteko azaroan hasi ginen gogor lanean eta ordutik hona ia geratu ere egin gabe eman dugu urtea.

Horrela bat-batean burura etortzen zaizkidanen artean, batetik, Tolosako Leidor aretoan jende andana bildu zuen ikuskizuna egin genuen Pirritx eta Porrotx pailazoekin. Beste batean moda desfilea ere egin genuen, gero herriz herri saltzen direnak erakusteko. Apirilean rally-a antolatu genuen, eta bigarren eskuko produktuen azoka ere bai. Eguneko bereizgarri berriz, jende izugarri hurbildu zela eta giro bikaina sortu zela Irura eta Anoeta arteko ibilbidean.
Nabarmentzekoa da, bestalde, Kilometroak egunaren aurretik irailean bertan izan zirela Irurako jaiak. Festa asko elkarren atzetik, eta horrek erabat nekatuta utzi gintuen.


Behin Irurako Kilometroak jaia igarota, Donostiako Zurriolaren txanda iritsi da...
Hasi dira lanean dagoeneko! Zurriola ikastolari egokitu zaio datorren urteko Kilometroak jaia antolatzea, eta dagoeneko martxan dira zenbait prestaketa lan. Garaiz hasi beharra dago, bestela denbora pasa egiten da. Nik orain atseden hartuko dut. Egun luzeak eta gogorrak izan dira, eta lasaitasuna eta atsedena hartu beharra daukat. Egun hauetan behintzat, lo beharrean nago.

KMK-08ren EKITALDIA: 'OINARRIA ERAIKITZEN' KANTAREN ETA BIDEOKLIPAREN PRENTSAURREKOA

Lehenik eta behin mahaikideak aurkeztu ditu Igor Elortza moderatzaileak, eta ondoren bideoklipa aurkeztu eta ikusi ahal izan da Koldo Mitxelena Kulturunean bertan. Horren ondoren bideokliparen inguruko xehetasun batzuk eman ditu Igorrek berak.

Kilometroak 2008ko irudiaren sortzaile Tolosako ZUT diseinu etxea izan da, eta beraien ideia batean oinarriturik eta haiek eginiko gidoipean Run Down-e produktorak eginiko lanaren ondorioa da Kilometroak 2008ko bideo promozional hau, Carl Watermark-en zuzendaritzarekin. Halakoetan egin ohi diren bideoen desberdina egitea bilatu da. Horregatik nahastu dira 3-D infografiak eta irudi errealak.

Grabazioa Tolosako Bonberenean egin zen ekaineko bi arratsaldetan, baina lanaldi osoaren atalik gogorrena edo konplexuena bi aste iraun duen muntaia izan da.

Bideoan agertzen diren pertsonaiak Irurako ikastolako haurrak, gurasoak eta aiton-amonak dira. Hauekin batera Kilometrotako aurtengo ekitaldiko kanta egiten aritu den lan taldeko partaide ugari agertzen dira bideoan, Desordutan taldeko kideak, Bonberenea txarangakoak, Jone (kantaria), Gorka (Izeba Pilarren Ilobak taldeko kidea), Aritz (Deabruak Teilatuetan taldeko abeslaria) eta Aitor Mendiluze (bertsolaria eta KMK kantako letraren egilea). Bideogilearen aldetik adierazi oso erreza eta atsegina izan dela guztiekin lanean aritzea eta azken produktuarekin oso gustura daudela. Orain orokorrean jendeari gustatzea espero dugu, eta horretarako medioei eskatzen zaie bideoaren zabalkundean laguntzea.

Horren ondoren Joseba Aranburu “Txus” Desordutan taldeko kideak hartu du hitza, eta bi puntuetan zentratu da nagusiki. Batetik antolakuntzaren deia nola hartu zuten adierazi du, kantua baino gehiago proiektuaren osotasuna aurkeztu zitzaiela eta beraiek horren gidaritza egitea zela eskatzen zitzaiena, eta inolako ezbairik gabe onartu zutela. Proiektua kantua bera baino zabalagoa izan da, kolaborazioak, Kilometroak 2008n beraren ezagutza haundiagoa eta bere helburu guztiekin bat egitea. Horrekin batera kolaboratzaile guztiak eskertu nahi izan ditu, Mulanbo perkusio taldea, Bonberenea txaranga, Jone kantaria, Izeba Pilarren Ilobak taldeko Gorka eta Deabruak Teilatuetan taldeko Haritzen partaidetza batetik eta Bonberenean grabazioan, entseguetan eta abarreko lanetan parte hartu duten kide guztiak bestetik.

Aitor Mendiluzek hartu du hitza segidan eta egindako hitzek Kilometroak berak eta zabalago ikastolak herrian suposatzen dutena laburbildu nahi izan duela adierazi du, elkarlana, helburak lortzea eta partaidetza.

Bukatzeko Igor Elortza koordinatzaileak prozesu guztian parte hartu dutenak eskertu ditu eta medioei beronen zabalkundea egiteko deia luzatuz amaitu da prentsaurrekoa.

Afrikako bihotzean Kilimanjaroren puntan nahiz magalean...euskera bihotzean....


BIZIKLETA FESTA PAREGABEA



KALEJIRA MULANBOREKIN ETA ONDORENGO FESTA

Tolosako Zerkausian egindako 'Bizikleta festa' ikusgarria izan zen



Grabatu berri den Kilometroak 08ko abestia entzungai izan zuten partehartzaileek



Tolosako Zerkausian atzo arratsaldean KMK-08ren egitasmoaren barruan egindako Bizikleta festa paregabea bezain ikusgarria izan zen. Eguraldi ona lagun zutela, Tolosako Zerkausiko goiko solairuan egin zen arratsaldeko 4:00etan hasteko zen ekitaldia. Ordu horretatik aurrera parte-hartzaileek bizikleta eta gorputza astintzeko aukera ederra izan zuten eszenatoki ezin hobean. Uzturre mendia aurrez aurre eta Oria ibaiaren uraren freskotasuna ondoan zutela, kirola egiteko eta, aldi berean, inguruneaz gozatzeko unea aprobetxatu ahal izan zuten Irurako ikastolaren alde ekitaldian parte hartu zuten lagun guztiek. Antolatzaileek adi-tzera eman zutenez «eguraldi ederra eta eguzkiaren epeltasuna lagungarri izan dira, gaur arte izena emana ez zutenak ekitaldian parte hartzera animarazteko».


Guztira, 150 pertsona inguruk parte hartu dute, azken orduan 40 bat lagun eman baitzuten izena Zerkausian bertan. Lau ordu bizikleta gainean KMK 08 aldeko bizikleta festan 10 monitore aritu dira partehartzaile guztiak gidatzen. Tolosaldeko eta Goierriko polikirodekiak utzitako 86 bizikleta behar izan ziren ekitaldi hau aurrera atera ahal izateko.


Lehen parte-hartzaileak arratsaldeko 15:30ean hasi dira inguratzen eta 16:00etan puntuan eman zaio hasiera lehenengo saioari. Azkenean iragarrita zegoen modura, ordubeteko lau saio egin dira eta saio bakoitzean hiru monitore aritu dira gidari-lanak egiten. Bertaratu direnek argi utzi dute sasoi betean daudela, izerdi-patsetan amaitu baitute batek baino gehiagok, baina, aldi berean, pozik egindako lanarengatik. Saio bakoitzeko parte-hartzaileen artean, 16 kanpin-denda eta 12 kirol-jantzi zozketatu dira.


Egun honetan bertan, Kilometroak-eko ekonomia batzordeak bi lagunentzako afari eder bat zozketatu du, beren laguntza emanez parte hartu duten merkatarien elkarteko kideen artean. Era berean, baita asteburuko hiru egonaldi ere, landetxe batean, merkatari horien saltokietan erosi duten bezero guztien artean. Antolatzaileak, ekitaldiak izan duen harrera eta denek egindako lana ikusita, oso pozik agertu dira arratsaldearen azken orduetan.


Kanta entzungai
Zerkausian bizikleta gainean, ikusle modura edo inguruan pasa zirene oinezkoak grabatu berri den Kilometroak-2008ren abestia entzun ahal izan zuten arratsalde osoan zehar. Giroa alaia izan zuten Bizizkleta festan parte hartu dutenek eta baita hau bukatutakoan Zerkausi eta Triangulora ingurutu diren guztientzat, denak ere Bonbereneako festara joateko aukera izan baitute. Txaranga, erraldoi eta buruhandiak izan dira bertan eta kalejiran ibili ziren kalez kale Mulanbo taldea eta Bonbereneako txaranga ere lagun zituztela. Gaueko 21:00etatik aurrera, konztertua egon zen Bonberenean bertan, Desordutan eta lagunak, In de kitxen eta DJ. Bullekin goizaldera arte parranda egiteko aukera egon zen.

Cycling-a eta Bonberenearen festa Kilometroak 2008ren baitan


Bizikleta festa arratsaldean izan zen Zerkausian, eta Bonbereneakoen eskutik jarraitu zuen gero.


Zerkausiak atzo beste itxura bat hartu zuen, Kilometroak 2008 egitasmoaren barruan Bizikleta Festa antolatu baitzuten. Hori dela eta, 16:30etik aurrera Zerkausi inguruan nabarmena izan zen festa eta kirol giroa.


Guztira, 150 pertsona inguruk parte hartu zuten eta 10 monitore eta 86 bizikleta behar izan ziren ekitaldi hau aurrera atera ahal izateko. Ordubeteko lau saio egin ziren eta saio bakoitzean hiru monitore aritu ziren gidari-lanak egiten. Saio bakoitzeko parte-hartzaileen artean, 16 kanpin-denda eta 12 kirol-jantzi zozketatu ziren. Kilometroak-2008ren abestia, orain dela gutxi grabatua, entzungai izan zen arratsalde osoan zehar.
Atzo ere, Kilometroetako ekonomia batzordeak 2 lagunentzako afari bat zozketatu zuen. Baita asteburuko hiru egonaldi ere, landetxe batean, laguntzaile diren merkatarien saltokietan erosi duten bezero guztien artean.


Bonberenea Festa


Bizikleta Festa amaitu baino lehen Bonbereneako kideak jada kalean ziren, Tolosako bazterrak alaitzeko asmoz. Izan ere, atzo Bizikleta Festaz gain, Kilometroak 2008 egitasmoaren barruan Bonberenea Festa antolatu baitzuten.


Erraldoiak, buruhandiak, Mulambo eta Bonberenea txaranga Tolosako kaleetan ibili ziren. Festa honen helburu nagusia KMK-08 inguruan lan egin duten pertsonei festa bat eskaintzea zen, herriko bazterrak alaitzeaz gain eta baita jendea Bonbereneara hurbiltzea ere, izan ere, kalejiran ibili ondoren gauean kontzertuak izan ziren gaztetxean bertan, baita dj bat ere. Hasieran Desordutan taldearen txanda izan zen eta ondoren In de kitxen taldeak jo zuen. Amaitzeko DJ-Bull-ek musika jarri zuen.

Zerkausiaren gainean, pedalei emanez


Kilometroak 2008k Bizikleta Festa antolatu du hilaren 28ko arratsaldean, Tolosako Zerkausiaren terrazan.

Kilometroak 2008ko Ikuskizun Batzordekoei, zer antolatu pentsatzen ari zirela, azkenaldian arrakasta izaten ari den kirol praktika bat etorri zitzaien burura: spinning edo cycling, hau da, musikaren erritmora bizikleta estatiko batean pedalei eragitea. Eta horrela sortu zen Bizikleta Festa egitearena: ia 100 lagun cycling egiten Tolosako Zerkausiaren gainean.


Xabier Saizarrek, Irurako Ikastolako irakaslea eta Bizikleta Festaren antolatzaileetako bat, azaltzen duenez, «ideia polita iruditu zitzaigun hainbeste jende batera Kilometroen alde pedalei ematea Zerkausia bezalako leku batean».


Hilaren 28an egingo da ekitaldia. 16:30ean hasiko da eta lau saio izango ditu, bakoitza 50 minutukoa. Guztira 92 bizikleta izango dira eta partaide bakoitzak saio batean edo lauretan parte hartu ahalko du. Saio batean izena ematea 10 euro balio ditu, bitan 18 euro, hirutan 26 euro eta guztietan 34 euro.


Festa hau antolatzeko Anoetako, Ibarrako, Villabonako, Tolosako eta Ordiziako kiroldegien laguntza izan dute. «Zailena bizikletak lortzea zen eta kiroldegi horiei guztiei esker izango ditugu», dio Saizarrek. Antolakuntzak edatekoa jarriko die parte-hartzaileei. Eskuhoiala beharrezkoa da eta hori bakoitzak berea eman beharko du.

Giro berezia
Monitoreak Tolosako, Villabonako eta Anoetako kiroldegikoak izango dira eta Bizkaiatik etorriko diren bi lagun. Anoetako kiroldegiko arduraduna den Onintza Arregi izango da monitoreetako bat. «Festa berezia izango da. Cyclingarekin gehiago disfrutatu daiteke gero eta jende gehiago batera parte hartuz gero», dio Arregik. «Giro berezia izango da, partaideak leku ezberdinetakoak izango direlako eta monitoreak ere ezberdinak izango dira». Antolatzaileek azaltzen dutenez, ekitaldia ez da maratoi bat bezala pentsatu. «Festa bat da», dio Saizarrek. «Horregatik ahal den jende gehienak izena ematea gustatuko litzaiguke».


Txanda bakoitzean hiru monitore izango dira. «Bakoitzak bere estiloa du», dio Arregik, «eta hori ere interesgarri a izango da partaideentzat». Dagoeneko eskaintzen diren lekuen erdiak baino gehiago hartuak daude. Kontuan izan behar da ere, festaren amaieran kirol materiala zozketatuko dela.
Galderaren bat izanez gero, kmk.ikuskizunak@ikastola.net helbidera idatzi edo 688 65 80 04 zenbakira deitu daiteke. Festan parte hartzeko www.kilometroak.net helbidean sartu eta bertan eman behar da izena.






Gipuzkoako Eskolarteko 28.Bertsolari Txapelketaren finala Iruran

Jende ugari izan zen atzokoan Iruran jokatutako Gipuzkoako 28. Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finalean, Kilometroak 2008ren ekitaldien baitan. Gipuzkoako Ikastolen elkarteak antolatuta, Irurako Ikastolaren laguntzarekin, eskualdeko bertsolariek emaitza oso onak lortu zituzten.

Alde batetik, Aratz Irazustabarrena alegiarrak, bertsopaparen sailean eta LH3 eta 4 mailetan txapela lortu zuen. Idatzizkoetan ere, Oihana Iguaran amasarrak DBHko bigarren zikloan aipamena lortu zuen. Bat batekoan, txikien mailan, 14 urte artekoetan, Goierri-Asteasu taldekoek lortu zuten txapela, tartean Haritz Mujika asteasuarrak.
Handien mailan, 14 eta 18 urte bitartekoetan Oihana Iguaranek parte hartzen zuen baina ez zuen saririk lortu. Txapela Ane Labaka lasartearrak eraman zuen eta bigarren Asier Azpiroz zubietarra izan zen.



KMk-08: SPINNING FESTA



Kilometroak 08 egitasmoaren barruan antolatu dugun spinning festak honako helburuak ditu:
Spinning-a, puri-purian dagoen jarduera aitzakia hartuta kmk-08 egitasmoa bailaran ezagutaraztea.
Ekintza burutuko den tokiaren ezaugarri berezi eta erakargarriak aprobetxatuz, ez ohikoa den "argazkia" lortzea.
Gure hizkuntza, euskararen erabilera bultzatzea, spinning-a bezalako jarduera fisiko modernoetan.
Kmk-08 egitasmoko ekintza bat gehiago denez, Irurako Ikastolari ekonomikoki bultzadatxoa ematea.
Osasunean hainbesteko garrantzia duen jarduera fisikoaren ludikotasuna lantzea, gizartean ohitura osasungarriak bultzatzeko.
Ahalik eta jende gehienak Spinning Festan parte hartzea, kirolak berekin dakarren konpetitibitatea alboan utzi eta jardueraren alor ludikoarekin festa handi bat eginez.

Informazioa


Data: 2008ko ekainaren 28an
Lekua: Tolosako Zerkausian
Ordutegia: - Harrera eta informazio gunea: 15:30 - 21:00

- Motxila zerbitzua: 15:30 - 20:45 - Saioak (nahi adina aukera daitezke): - 1.saioa: 16:30 - 17:20 - 2.saioa: 17:30 - 18:20 - 3.saioa: 18:30 - 19:20 - 4.saioa: 19:30 - 20:20 - Zozketa: 20:45

Akreditazioa: Spinning festan izena eman duen guztiak, egunean bertan, dagokion saioa baino lehen (gehienez ordubete eta gutxienez hamar minutu) harrera mahaira joan beharko du, bertan, akreditazioa jasotzeko. Horretarako ezinbestekoa izango da nortasun agiria erakustea.
Motxila zerbitzua: Parte hartzaile guztiek, motxilak antolakuntzaren ardurapean uzteko aukera izango dute euren saioak dirauen bitartean, horretarako akreditazioa erakutsi eta izen abizenak eman beharko dituztelarik


Araudia
Parte hartzaileek hamasei urtetik gora izan behar dute.
Parte hartzaileek izena eman ahala beteko dira saio guztietako bizikletak. Azkeneko bizikletarako izen-ematea egiten denean, izen-ematea itxita geratuko da.
Izen emateak balioa izango badu, EUSKADIKO KUTXA-n norberari dagokion ordainketa egin behar da. Hiru egunen buruan ordainketarik egiten ez bada, izen ematea bertan behera geratuko da.
Egunean bertan, harrera eta informazio gunean izena eman ahalko da, beti ere, aurrez bizikleta guztiak betetzen ez badira.
Bizikletak ez dira zenbatuta egongo eta parte hartzaileek, eremura sartu ahala, libre dauden bizikletak aukeratzeko eskubidea izango dute. Saio bat baino gehiago egin behar dituenak, bizikleta bera erabiliko du saio guztietan.
Ez dugu ziurtatzen bizikleta guztiek pedal hibridoa izango dutenik. Edozein kasutan, debekatuta dago bizikleten pedalak aldatzea.
Ezinbestekoa da izerdia lehortzeko esku oihala eramatea.
Izena emateko ezinbestekoa da 16 urte izatea (edo 2008an ehar 16 betetzea).
Antolakuntzak ez du bere egingo parte hartzaileak bere buruan edo beste pertsona batzuenean eragin edo jasan ditzakeen lesioen ardura eta kalte ordainik.
Izena ematean, parte hartzaile orok onartu egingo ditu araudian datozen baldintza guztiak.
Izen ematea Ekainaren 23an itxiko da epea. Izena eman...

XIV ORDUKO IBILALDIA




Maiatzaren 18a. Horixe da aurtengorako aukeratu dugun eguna. XIV Orduko Ibilaldia berriz ere hemen da, eta hartara begira lanean ari da Aralarko Adiskideak elkartea. Lau urtez behin egiten da ibilaldia, Tolosan abiatu eta aipatu denbora bueltan berriz ere bertara itzultzeko; Aralar mendigunera egiten da joan etorria.

Aurten Kilometroak Iruran egingo denez, ekitaldi horren laguntzaile izateko aukera ematen dizu Aralarko Adiskideak elkarteak izena ematerakoan 1 € gehiago jarriz.

Eta Kilometroak 08ko antolaketa-taldeko ordezkariak Aralarko Adiskideak elkarteari laguntzera joango dira maiatzaren 18an Aralarko San Migeleko postuan beraiek izango direlarik mendizaleetaz arduratuko direnak jatekoak eta edatekoak banatuz.




I. Ñañarri rallyesprinta

KMK 08: I. Ñañarri Rallysprinta apirilaren 26an izango da.

Kilometroak 2008 ekimenaren barruan, hilaren 26an, Amezketa eta Alegi lotuko dituen Lehenengo Ñañarri Rally Sprinta egingo da, Sardara eskuderiak lagunduta. Euskal Herriko Rally Sprinten zirkuiturako baliagarria izango da proba eta punta puntako pilotuek hartuko dute parte.
Hamar bat kilometro izango dituen ibilbidea, Alegin hasiko da eta aldapan gora Orendain eta Abaltzisketa zeharkatu ondoren Amezketan bukatuko da. Antolatzaile lanetan dabiltzan KMK 08ko ordezkariekin eta Sardara eskuderiako kideekin izan gara.

Bigarren eskuko azokak erantzun bikaina


Bigarren eskuko azoka antolatu zuten Kilometroak 08ko garbiketa eta ingurugiro batzordekoek larunbat goizean Triangulo plazan. Ikastola ezberdinetan bildutako materiala jarri zuten mahaietan salgai. Jende ugari gerturatu zen bertara, bai ikustera, bai eta erostera ere. Eta bide batez, noski, ekimen honekin bat egitera.

Bigarren eskuko azoka antolatu du Kilometroak 2008k larunbaterako


Garbiketa eta Ingurugiro Batzordeak bultzatu du egitasmoa eta Tolosako Triangulo plazan egingo dute.


Kilometroak 2008k bigarren eskuko azoka antolatu du larunbat honetarako. Tolosako Triangulo plazan egingo dute, 09:30ean hasi eta 13:30ak arte. Garbiketa eta Ingurugiro Batzordetik sortutako egitasmoa izan da. Nerea Bidaurreta Batzordeko kideak azaltzen duenez, «antolakuntzatik esan ziguten Batzorde guztiei ekitaldiren bat antolatzeko ideia emateko. Guri iruditu zitzaigun oso interesgarria, bigarren eskuko produktuei buelta ematea, eta hortik sortu zen ideia».
Izan ere, hezkuntzaren aldetik ere aukera ona ikusten dute, Bidaurretak dioenez: «Azoka hau egiterakoan ikasleei erakutsi diezaiokegu bigarren eskuko produktuei erabilera bat eman daitekeela. Nahiz eta beraiek ez erabili egon daitekeela norbait interesatzen zaiona hori erabiltzea».
Hainbat postu egongo dira. Batzuk partikularrak izango dira eta bestetik eskualdeko ikastoletatik eta Asteasuko Pello Errota eskolatik bildutako materiala izango da. Ikastetxeetara materiala eramateko azken eguna etzi izango da. Postua jartzen duten partikularrek kuota bat ordaindu beharko diote antolakuntzari. Bestalde, ikastetxe bakoitzeko materialarekin postu bana jarriko da. Prezioak materiala utzi duten ikasleek jarriko dituzte. Hortik ateratzen den dirua Kilometroak 2008rako izango da. Saltzen ez den materiala Kilometroak 2008rentzako geldituko da eta ekitaldi nagusiaren egunean jarriko den tonbolarako utziko dute ziurrrena. Artelatz enpresatik zein Tolosako Udaletik laguntza jaso dute bigarren eskuko azoka antolatzeko.
Rallysprinterako jende bila
Kilometroak 2008ren baitan, hurrengo ekitaldia hilaren 26an egingo da, Ñañarri-Irura I. Rallysprinta, hain zuzen. Antolakuntza aldetik ekitaldi handi izango da eta Kilometroak 2008tik azaldu dutenez, boluntarioak behar dituzte egun horretarako. Izena eman nahi dutenek Irurako Ikastolan bertan edo www.kilometroak.net helbidean egin dezakete.

300 lagun inguru elkartu ziren KMK 2008ren kantu afarian


Anoetako Antolatzaileak «oso gustura» ekitaldiaren nondik norakoekin; herriari eskerrak emateko balio izan du kantu afariak
Kilometroak 2008ko Anoetako Batzordeak eta Ikuskizun Batzordeak bultzatuta, larunbat gauean kantu afaria egin zuten Anoetako frontoian. Antolatzaileak «oso gustura» agertu dira ekitaldia nola izan zen ikusita. «Janaria oso gozoa zegoen eta giroa ere oso ona izan zen. Arrakastatsua izan dela esan daiteke».
Izan ere, 300 lagun inguruk parte hartu zuten. «Batenbat joan gabe gelditu zen, baina kopuru horiekin zerrenda itxi behar izan genuen, bestela esan baikenuen sukaldeko lana ondo bete». Hain zuzen, antolatzaileek Kuku elkartean sukaldari lanetan aritu zirenen jarduna goraipatu dute. «Oso ondo prestatuta zegoen eta hainbeste jenderentzat afaria egitea ez da batere erraza». Afaria eta gero Antton Iztueta arduratu zen elkartu zirenak kantatzen jartzeaz eta bukaeran Unsain Anaiek erromeri giroa jarri zuten.

Eskerrak emanez
Afarian zehar, Kilometroak 2008ren antolatzaileek Anoetako herriari eskerrak emateko baliatu zuten, bai jaialdia antolatzeagatik bai orain arteko beste ekintzetan zein etorkizunean etorriko direnengatik. Horrela, Anoetako Ikastolari, bertako guraso batzordeari, Gaztetxeari, Kuku elkarteari eta Udalari eman zizkioten eskerrak. Bestalde, afaria girotu zuten Antton Iztueta zein Unsain Anaiek ere jaso zituzten esker onak.
Horrez gain, Kilometroak 2008ren inguruko hurrengo ekitaldien berri eman zuten. Hala, martxoaren 8an Pirritx eta Porrotx pailazoen emanaldia izango da eta apirilaren 26an Ñañarri-Irura Rally Sprint antolatuko dute. Azken ekitaldi honetarako boluntarioak beharko dituztela azaldu dute antolatzaileek.




Kantu afaria antololatu dute Anoetan larunbaterako

Kilometroak 2008ren egitasmoan kokatzen da ekitaldia


Kilometroak 2008ren Anoetako Batzordeak kantu afaria antolatu du larunbat honetarako, hilak 23, Anoetako frontoian. Batzordeko kide eta Irurako Ikastolako irakasle diren Ainhoa Artolak eta Maialen Mujikak azaldu dutenez, "herriari laguntza eskatzeaz gain, zerbait egitea nahi genuen. Ikuskizun Batzordearekin batera pentsatu genuen afaria egitea".
Afaria hilaren 23an izango da eta sarrerak erosteko azken eguna hilaren 21a izango da. Txartelak Anoetako Buztina, Itzuli eta Arkupe tabernetan eta Anoetako eta Irurako ikastoletan daude salgai. Helduak 15 euro eta haurrek 8 euro ordaindu behar dute. Haurren txartelak bi ikastoletan soilik daude salgai. Egitarauari dagokionez, afaria bukatzearekin batera KMK-08koen aldetik herriari eskerrak emango zaizkio eta zirkuituaren nondik norakoak azalduko dira Anoetari dagokionez. Ondoren kantu saioa egingo da eta bukatzeko erromeria Unsain anaiekin.

KMK-08 KANTU AFARIA ANOETAN


Non: Anoetako frontoian


Noiz: Otsailaren 23an

Egitaraua
- 20:00etan frontoian elkartuko gara.
- 21:00tan afariari hasiera eman.
- Postrearekin batera KMK-08en aldetik herriari eskerrak eta zirkuituaren nondik norakoak.
- Ondoren, kantu saioa.
- Ekitaldia borobiltzeko, Unsain anaiekin erromeria.
Txartelak salgai

- Anoetako Buztina, Itzuli eta Arkupe tabernetan.
- Anoetako eta Irurako ikastoletan.
- Helduak 15€ eta umeak 8€.

Hotza egingo balu berogailua piztuko genuke.

INAUTERIETAN ERE, IRURAKO IKASTOLAREN ALDEKO EKIMENAK.



Inauterien hasiera iragarriko duen suziria gaur jaurtiko dute Tolosan. Gogotsu daude asko, eta lan eta lan beste hainbat. Aurtengo Kilometroak jaia antolatzea dagokio Irurako Ikastolari, eta jai hauei ere probetxua atera nahi die dirua batzeko. Tonbola jarriko dute, egun osoan zabalik izando den taberna zabalduko dute eta auto zozketarako txartelak salgai jarriko dituzte.

Gaur abiatuko dira inauteriak Tolosan eta guztia prest dago jada. Kale bazterrak apainduta, tabernak jan eta edariz lepo... Aurtengo Kilometroak jaiaren ardura duen Irurako Ikastola ere buru-belarri ari da lanean, datozen egunetan leku handia izango baitute jaietan.

Tolosan atzo egindako agerraldian aditzera eman zutenez, urriaren 5ean egingo duten jairako behar duten dirua lortze aldera, hainbat ekimen antolatzea otu zitzaien inauterien harira, eta jendeak emandako laguntzari esker guztiak gauzatu ahal izango dituzte.


Orotara, hiru dira datozen egunetan martxan jarriko dituzten ekimenak. Batetik, inauterietan hain ohiko den tonbola. Baina Foruen etorbidean jarriko dutena berezia izango da inondik ere. Aukeran izango diren sariak Tolosa, Irura eta Anoetako merkatariek eman dizkiete. Orotara, 2.500 sari batzea lortu dute eta 9.000 bat txartel saltzeko asmoa dute. Beraz, nabarmendu zutenez, hiru txarteletik bat sariduna izango da.

Mota guztietako opariak jaso dituzte zozketan emateko. Badira handiak, Teneriferako bi hegazkin txartel, musika entzuteko tresna, bizikleta...; badira xumeagoak ere. «Denetik dago, eta denak oso sari politak dira», adierazi zuten.

Tonbolan ez ezik, izango da Gipuzkoako ikastolen jaiari laguntzeko beste modurik ere. Ikastolako arduradurek taberna bat jarri dute eta inauteriak irauten duten bitartean zabalik izango da, jan edota edan nahi duten guztientzat. Arostegieta kalean dago kokatua, lehen Guria taberna zen lokalean bertan. «Guk `Eraikitzen' izena jarri diogu», jakinarazi zuen Ikastolako zuzendari Iosune Aiestaranek. Horixe da hain zuzen aurtengo Kilometroak 2008ren leloa; izan ere, jasoko duten diruarekin «eraikitzen» ari diren eraikin berria ordainduko dute.

Irurako Ikastolaren aldeko hirugarren ekimen bat ere bada. Inauterietan jarriko dute abian auto zozketa, eta Soldadu kalean izango dira txartelak salgai. Hiru egunetan, igandean, astelehenean eta asteartean, izango da horiek eskuratzeko aukera, goiz eta arratsaldez.


Aiestaranek ekimenok aurrera egin dezaten jaso duten laguntza guztia eskertu nahi izan zuen: «Eskerrak Tolosako Udalari, eman digun laguntza handiagatik; eskerrak taberna utzi digun tabernariari; eta eskerrak tonbola osatzen lagundu diguten merkatarien elkarteei, Alde Zaharrekoei eta Igarondokoei, eta elkarte hauetan ez badaude ere, gurekiko begirune handia izan duten Tolosako, Irurako eta Anoetako dendari guztiei». «Zalaparta honen arrazoi bakarra gure ikastola berria da. Eraikuntza lanak martxa onean doaz eta horregatik oso pozik gaude; lan asko egitea dagokigu, baina oso gustura ari gara», ohartarazi zuen Aiestaranek.




Kilometroak-08 ko Denda ibiltaria



KILOMETROAK-08 KO DENDA IBILTARIA MUTRIKUN

Denda eta biltegiko salmentez gain, urte osoan Gipuzkoako herri eta auzoetan izaten gara talde desberdinak eta arropa-postuak ezartzen ditugu. Festa, azoka berezi edo jai-egun esanguratsuak diren herrietara joan ohi gara materiala saltzera.Hurrengo argazkietan Mutrikura egin genuen irteera ikusi dezakegu.





URTARRILA ETA OTSAILEKO EGUTEGIA

Urtarrilak 13
- Lazkaoko Astotxo egunean.
- Hernaniko Sagardo Egunean, egun erdiz.

Urtarrilak 17
- Getariko San Antón Jaietan, egun osoan.

Urtarrilak 19
- Olaberriako Carrefour merkatalgunean, 11:00tik 19:30ra.

Urtarrilak 20
- Azpeitiako San Sebastian egunean, egun osoan.
- Donostiako San Sebastian egunean, egun osoan.

Urtarrilak 26
- Lizartzako inauterietan, egun osoan.
- Olaberriako Carrefour merkatalgunean, 11:00tik 19:30ra.

Otsailak 2
- Idiazabalgo herriko jaietan, 11:00tik 18:30era.
- Olaberriako Carrefour merkatalgunean, 11:00tik 19:30ra.

Otsailak 3
- Idiazabalgo herriko jaietan, 11:00tik 18:30era.
- Tolosako Inauterietan, 11:00tik 18:30era.

Otsailak 9
- Olaberriako Carrefour merkatalgunean, 11:00tik 19:30ra.

Otsailak 16
- Olaberriako Carrefour merkatalgunean, 11:00tik 19:30ra.
- Tolosako Triangulu Plazan Zuhaitz egunean, 9:00tik 14:30era.

Lanean buru belarri, denon ametsa egia bihurtzen

Irurako herritarrak ahal duten guztia egiten ari dira ikastola berriaren alde dirua lortzeko. Orain, Kilometroak 08ko arropa saltzea da eginbehar nagusia


Kilometroak 08ko arropa estrenaitzeko aukera paregabea dago Irurako ikastolakoek dendak zabaldu dituztenez geroztik, herrian bertan eta Tolosako Kale Nagusian. Datorren urteko Kilometroak Leidorren egindako aurkezpen jaialdian Irura eta Anoetako ikastolako ikasle eta ikasle ohiek, Ibarrako Uzturpe eta Tolosako Laskorain ikastolakoekin eta Inmakulada ikastetxoekin batera erakutsi zuten datozen hilabetetan janzteko prakak, sudaderak, nikiak, gonak eta pinak, metxeroak, poltsak eta osagarriak ere salduko dituzte.





«Etxeko guztiak janzteko aukera izango dugu, hasi txikietatik eta nagusiak arte» esan zuen Sorkunde Irazuk, Irurako ikaslatolako lehendakariak. Gainera, «arropa batzutan logotipoaren marrazkia handia da baina, beste askotan ez da ikusi ere egingo, toki diskreto batean joango dira eta ez da antzeman ere egingo» Irazuren esanetan. Beti ere, aukeraketa egiterakoan arropa modernoa eta erosoa eskaintzea izan dute kontuan Irurako ikastolakoek. Arroparekin lortzen duten dirua euren ametsa lortzeko erabiliko dute: Ikastola berriko eraikuntza ordaintzea, eta dagoeneko badakite 1.800.000 euroko aurrekontuari egin behar diotela aurre, nahiz eta, horietako 600.000 Irurako Udalak ordainduko dituen.





Ama, amona, bolondresa



Amets hori egi bihurtzeko ahalegin handia eginez, ikastolako zuzendaritzarekin batera gurasoak ari dira buru belarri. Helburua garbi dute: ahal den eta diru gehiago lortzea arroparen salmentatik. Horregatik, egunero egunero, goizez edo arratsaldez, txandatan banatuta, Iruran utzi dieten lokal batean elkartzen dira gurasoak, batez ere amak: horien artean, Candi, Ana, Marijo, Idoia, Maribi, Isabel, Ane, Nuria eta Milagros. Hauek zioten bezala, «denak utzi, etxeko lanak eta bestelakoak eta egunero ahal dugun bitartean hemen aritzen gara arropa prestatzen: etiketak jarri, sailkatzen, eta beslakoak egiten».




Baina ez bakarrik gaur egungo ikasleen amak, ikasle oihen amak ere ondoan dituzte laguntzeko prest eta herritar bolondresak edo inguruko herrietatik etorritakoak. Gainera, horietako batzuk, dagoeneko amonak ere badira eta bilobak ikastolan noiz hasiko diren bitartean izena eman dute ahal dutena egiteko prest. Esaterako, Maribi. bere hiru umek ikastolan ikasi zuten eta horiena rtean bat bertako irakaslea da gaur egun. Candik ere ikastolako hasierako urte gogorrak bizi eta gero laguntzeko prest dago eta lanean ari diren bitartean orduko kontuan gogoratzen dituzte. Roak esaterako gogoan du «100 pezeta ordaintzen genuen kuota, duela 30 urte, ikastola martxan jarri zenean. Festetan kantina jartzen genuen eta ahal zuenek lagundu egiten ziguten ahal zutenarekin». Ana Marik ere ezin du ahaztu «ixteko arriskuan egon zen ikastola, ume falta zela eta, baina aurrera egin genuen eta begira nora iritsi garen».




Amak esaterakoan, gehienak emakuemak direlako, baina esaten zutenez «aitak dendak txukuntzeko lagundu dute, apalak jartzen edo bestelako lanak egiten».

Beraz, denon artean, pixkanaka pixkanaka euren helburua lortzeko aurrera doaz.




Azoka, jaiak, herriz herri




Dendan, saltzen egoteko ere, 'dendari' bolodresak daude eta hauek ere astez, arratsaldero egoten dira. Irurakoa astez arratsaldero bi orduz egongo da zabalik. Iruran, astez, asteartetan arratsaldeko 5etatik 8etara eta larunbatetan, goizeko 11etatik 13era. Tolosako berriz, astez 5etatik 8etara eta asteburuetan, goizez 9etatik 13etara eta 5etatik 8etara. Baina, dendatik aparte, Kilometroak 08ko arropa salgai jarriko dute. Horretarako lantaldeak antolatu dituzte guraso, herritar eta bolondresekin eta hauek, herriz herri, azoka, jaiak eta bestelako hitzor- duetan egongo dira.