KILOMETROAK 2008KO AURKEZPENA IRURAKO FRONTOIAN

Irurako ikastola datorren urteko Kilometroak antolakuntzan murgilduta dabil. Urduri baina pozik lanean. Erronka handia baita beraientzat eta nola ez, garran-tzitsua ikastolaren, ikasle eta herriaren etorkizunarentzat. Beharrezkoa baita lortuko duten diru guztia ikastolako eraikuntza berria ordaintzeko.

Hilabete bat besterik ez da igaro, Bergarako lagunen eskutik lekukoa jaso zutenetik, baina dagoeneko, KMK 08ko leloa, logotipoa eta abestia prest dituzte, besteak beste. Hauen aurkezpena datorren azaroaren 18an izango da Tolosako Leidor zineman. Nolabait esateko, aurkezpen ofiziala izango da igande honen zortzi egingo dena, baina aldez aurretik Iruran 'herriko' aurkezpena egingo dutela diote Josune Aiestaran, ikastolako zuzendaria eta Joxe Mendizabal, Irurako KMK08 koordinatzailea «giroa sortzen joateko». Diotenez gainera, jai giroan murgildurik aurkeztuko diete ikastolakoek euren bizilagunei Kilometroak antolatzearen 'proiektu' erraldoia.

Horretarako, bihar arratsaldeko 6:00etan hasita, ume jolasak antolatu dituzte denak ere primeran pasatzeko. Ondoren, ber-tsolarien txanda izango da eta Aitor Mendiluze eta Anjel Mari Peñagarikano kantuan arituko dira. Txupinazo ezin falta Iruran jai egun batean eta biharkoan ere, piztu eta botako dute frontoi inguruan. Barrikotea ere gustokoa dutela eta, irurarrek etxetik ekarritako afari-merienda dastatuko dute Udalak jarritako sagardoarekin. Behin bapo afaldu eta gero, dantza saio batzuk egiteko aukera egongo da trikitilariekin. Arratsaldean zehar, antolatzaileak aditzera eman dutenez Joxe Mari eta Joseba Barriola urdai-azpiko moztaileak pintxoak prestatuko dituzte. Pintxoak noski, urdaiazpikoak izango dira eta hauek dastatzeaz gain, festan parte hartzen dutenen artean urdaiazpiko bat zozketatuko da. Beraz, hitzordu interesgarria prestatu dutena biharko Irurako herri ikastolakoek euren bizilagunen-tzat eta ingurukoentzat.

Denon proiektua, erronka

Zabalik egongo baitira denontzat Irurako pilotalekuko ateak. Zabalik dauden bezala ikastolakoak KMK 08ko antolakuntzan lagundu nahi dutenentzat. Izan ere, Kilometroak 08ko antolakuntza 'proiektuan' denon laguntzaren beharra dutela diote ikastolako ordezkariek. Kontuan izan da Irurak 1.400 biztanle dituela garbi dute Gipuzkoan Kilometroak antolatzen herri txikiena dela eta «ilusio handia» balin badute ere «urduri» ere badaudela. Baina ikastolako 140 ikaslek merezi dute «erronka handi hau aurrera ateratzea» eta horretarako Irura, Anoeta, Tolosa eta inguruko 300 lagunak hasi dira laguntzen eta bileretan parte hartzen. Kopuru hori pixkanaka pixkanaka handitzen joango dela seguru daude, momentuz «ordu asko» sartzen ari dira lehen ekitaldiak antolatzen eta ikusi egin beharko nola ateratzen den.

Biharkoa, lehenengo jaia izango da eta lehen proba gainditzeko aukera paregabea. Dena den, dagoeneko datorren asteko ekitaldiarekin pentsatzen hasiak dira ikastolan. Atzo ikastolan ziotenez biharkoa lotuta dago eta, datorren azaroaren 18an Leidorren egingo den jaialdiarekin pentsatzen ari dira. Mendizabalek eta Aiestaranek egun horretan ere «ordu bete iraungo duen ikuskizun ederra prestatu dugu. Bertan, leloa, logotipoa eta abestia aurkeztuko dira eta baita arropa ere».

Desfile bat egingo da eta 'modeloak' ikastolako ikasleak, izango dira. Beraien ondoan, Anoeta, Ibarra, Laskorain ikastolako eta Inmakulada ikastetxeko lagun batzuk ere izango dira oholtza gainean urtean zehar salduko den arropa erakusten. Bestalde, Joxek eta Josunek esan zutenez «sorpresa asko egongo dira. Gainera, Tolosaldeko eta Gipuzkoako lagun ezagunak hurbilduko dira eta primeran pasatzeko gauza gehiago». Baina ziotenez hilaren 18ra arte «sekretua da». Beraz, hobena bertan izatea izango da. Ikastolakoek gonbitea denoi luzatzen diete aurkezpen jaialdian parte ahrtzeko. Egun horretan Leidorren sortzen diren gastuak ordaintzeko 3 euroko sarrera kobratuko dute, baina zozketak ere egongo dira eta ziotenez sari onak zozketatuko dira bertan.


0 comentarios: