Mostrando entradas con la etiqueta BERRIAK. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta BERRIAK. Mostrar todas las entradas

Ikastola berriari, irribarrez

Kilometroak 08 festa handia iristeko hilabete eskas falta denean, Irurako ikastolaren eraikin berria inauguratu zuten atzo. Emozioa eta urduritasuna sumatzen dira dagoeneko

Ikasturte berriaren hasierarekin batera, malkoak marruak nagusitu dira aste honetan zehar ikastetxe askotan. Irurako ikastolan, aldiz, irribarreak eta poza izan dira maisu. Ikasleek ostiralean estreinatu zuten eraikin berria, modernoa eta polita, eta atzo egin zuten inaugurazio ofiziala. Poza eta emozioa airean, baina urduritasuna ere sumatzen zen. Izan ere, hilabete eskas falta da Kilometroak 08 jai handia Iruran ospatzeko.

Hala ere, urriaren 5a iritsi artean, ikastolaren eraikin berria martxan jartzeko astia izan dute iruratarrek. "Ametsa egi bihurtu da. Orain dela 13 urte 700 biztanle ginen eta gaur egun 1.500 gara. Hazkundea izugarria izan da eta herri bizi bat izateko herritarrei zerbitzuak eman behar zitzaizkiela argi genuen udaletxean. Kultur etxea, osasun zentroa eta frontoia egin ditugun bezala, ikastola berria egitea guretzat beharrezkoa zen", azaldu zuen Marimi Ugalde alkateak, emozioz.
6-12 urteko haur eta gaztetxoek gozatu ahal izango dute ikastola berriaz. Haurreskola eta 6 urte bitartekoen gelak, aldiz, eraikin zaharrean kokatuko dira.



Irurako alkateak eskerrak eman zizkien hainbat urtetan ikastolaren proiektuan sinistu duten guztiei. "Erronka handi bat dugu laster: Kilometroak jaia. Urte osoan zehar laguntza handia jaso dugu, bailara osotik iritsi dena. Eskerrak eman nahi dizkiegu denei eta laguntzen jarrai dezaten eskatu", azaldu zuen Ugaldek.



Era berean, Arantxa Manterola Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko lehendakariak ikastolen arteko "elkarlana" goraipatu zuen. "Erronkari beldurrik ez diotela erakutsi dute Iruran eta Kilometroak jaia antolatzen ausartu dira, herri txikia izanik. Bailarako ikastolek laguntza osoa eskaini diote eta esan beharra dago elkarlan hori ikastolen ezaugarri bereizgarri bat dela eta eredugarria dena, gainera", gaineratu zuen Manterolak.

Eraikina erabiltzeko ordua iritsi da

Etzi egingo dute Ikastolaren eraikin berriaren inaugurazioa; bihar dagoeneko ikasturtea hasiko dute bertan.


Irurako Ikastolaren eraikin berria etzi inauguratuko dute. Halere, bihar dagoeneko ateak irekiko dituzte ikasleentzat, ikasturte berezi honi hasiera emanez. «Gauza garrantzitsua da eraikina eta inaugurazioa egitea egoki ikusi dugu», azaldu du Josune Aiestaran Ikastolako zuzendariak.


Inaugurazioa etzi goizean izango da. 12:00etan hasiko da ekitaldia, Irurako dantzarien agurrarekin. Ondoren grabazio bat ikusteko aukera izango da. Sorkunde Irazu Ikastolako lehendakariak hartuko du hitza jarraian, eta gero ikasle ohiek bibolina joko dute. Ondoren, Marimi Ugalde Irurako alkatearen txanda izango da eta jarrain Ikastolen Konfederazioko kide batek hitz egingo du. Ekitaldia amaitzeko bibolin-joleek beste saio bat egingo dute eta ondoren eraikin berriaren ateak zabalduko dituzte bertaratuko diren guztientzat. Azkenik, herriko frontoian hamaiketakoa egingo dute.


Herriari zabaldua


Jende ugari gonbidatu dute Ikastolakoek. Bai eskualdeko beste ikastoletakoak, bai Irura, Anoeta eta Tolosako Udaleko ordezkariak, Irurako Ikastola sortu zutenei eta lehen promozioan izan zirenak, Ikastolari laguntzeko beti prest agertu direnei, Partaideko, Hezkuntza Saileko eta Ikastolen Elkarteko kideei eta baita, noski, Kilometroetako antolakuntza jarduten dutenei.


Gonbidatu guzti horiez gain ere Josune Aiestaranek eta Sorkunde Irazuk nabarmentzen dute Irurako herritar guztiei zabaltzen zaiela gonbitea. Aiestaranek gaineratzen duenez, «eraikin berriaren areto nagusia herriko areto handiena izango da eta herriak etekin handia atera behar dio horri». Aretoak bere kanpoko sarrera independientea du.


Eraikinari berari dagokionez, azkeneko ikutuak falta dira, dena behar bezala egoteko eta egunotan ari dira horiek lotzen. Hezkuntza sailak dagoeneko eman du baimena eraikina erabili ahal izateko. Ikastolaren ametsa, beraz, bihartik aurrera hasiko da betetzen, eraikin berria erabiltzen hasten direnean.


«Oso ilusionatuta gaude eraikin berriarekin», zehaztu dute Aiestaranek eta Irazuk. «Oso harro gaude lan handia egin dugulako eta ikasturte berria eraikin berrian hasiko dugulako». Eraikin berrian Lehen Hezkuntzako ikasleak ariko dira. Ikasleak ere ilusionatuta daude eta eskolako materiala eramaten lagundu zuten.


Egindakoak emaitzak ematen


Eraikin berria ordaintzen lagunduko dien egitasmoa da aurtengo Kilometroak. Hilabete besterik ez da falta egun handirako eta horretarako prestaketak ere aurrera doaz. Sorkunde Irazuk azaltzen duenez, «urte osoan egin dugun lanak emaitza ematen ari dira orain». Azken urtean zehar hainbat ekitaldi egin dituztela eta guztiak «oso ondo atera» direla zehaztu dute. Bereziki rallya aipatu dute, «Kilometroak txiki bat bezalakoa izan zen eta dena ondo atera zen». Hori bai, boluntario bila jarraitzen dute urriaren 5eko ekitaldi erraldoiarentzako. Lagundu nahi duenak deitu dezake 636 724 827 edo 676 44 80 66 zenbakietara edo idatzi kmk.gizabaliabideak@ikastola.net helbidera.

IKASTOLA BERRIRA LEKUALDATZEA

PIRRITX ETA PORROTX MARTXOAREN 8AN TOLOSAKO LEIDORREN




Datorren larunbatean, martxoaren 8an, Tolosako Leidor antzokian Pirritx eta Porrotx izango ditugu. Bertan “Eskerrik asko” ikuskizuna ikusi ahal izango dugu bi saiotan; bata, 5etan eta bestea, 7etan. Zehazki minbizia duten haurrengan oinarrituta dagoen ekitaldia da. Aspanovas elkartearekin elkarlanean eginiko lanaren emaitza da bertan ikusiko duguna.


Irurako Ikastolako ikasleak Behobiakoen pare ibili dira lasterka

Behobia txiki baten antzera, korrikalari gaztetxoz bete ziren igandean Tolosako kaleak. Ero Etxe elkarteak antolatutako lasterketa herrikoi honetan 9 eta 14 urte bitarteko 600 gaztetxo inguruk hartu zute parte. Aurtengoa krosaren 21. edizioa izan zen. Hala, antolatzaileak «gustura» agertu ziren aurtengo probarekin.
Irurako ikastolako ikasleak korrika


Lasterkariak sei talde edo mailatan banatu zituzten, hauen arabera, metro gehiago edo gutxiago zeharkatu zituztelarik. Parte-hartzaile txikienak benjaminak izan ziren, eta helduenak, infantilak. Mailaketa honen arabera, eta ondorengoak izan ziren garaile: Maddi Garikano, Josu Ibarbia, Jone Gomez, Odei Arrieta, Ainhoa Garikano eta Odei Martinez. Hauei, proba amaitu ondoren, antolatzaileek, garaikurrak banatu zizkieten. Hala ere, irabazleentzat ezezik, gainontzeko parte-hartzaileentzat ere izan ziren sariak, hauen artean hainbat opari banatu baitzituzten.

Aipatu bezala, 21 urte bete ditu aurten Ero Etxe elkarteak antolatutako krosak, eta galdu ezinezko ohitura bilakatu da jada korrikalari txikienentzat. Ohitura jarraituz, urteko hirugarren igandean ospatzen da, aurten, San Sebastian Egunarekin bat egin duelarik.

Lasterkariak San Frantzisko elizaren paretik irteten dira, eta toki berean ematen diote amaiera. Tolosako nahiz eskualdeko beste herrietako haurrek hartzen dute parte, nahiz eta eskualdeko hiriburuko elkarte batek antolatu.

Haurren garapen pertsonala zaintzeko eta bultzatzeko asmoz sortu zen duela 21 urte Ero-etxeko krosa. Etenik gabe, hainbeste urtetan jokatu ondoren, indar gehien duen kirol festa errotuenetako bat Tolosan. Festa handi bat bailitzan, ikaskide, lagun nahiz familiako hainbat kide gerturatzen dira korrikalari txikiak animatzera.

Erentzun ikastolak 2.000 lagunek Vianan eginiko lana eskertu du



Atzoko eguna prestatzen urte bete baino gehiago eman ondotik, egundokoa izan behar du dena ongi atera dela ikusteak. Vianako Nafarroa Oinez-ek markak hautsi zituela adierazi zuen komunikabideren batek; oraindik kopuruei dagokienez baloraziorik egin ezin den arren, espero baino parte-hartze handiagoa izan zela adierazi zuen Aritz Lizarragak, Erentzun Ikastolako zuzendariak.


Arazo aipagarririk gabe eta normaltasun osoz joan zen eguna, eta eguraldia ere «ederra» izan zela nabarmendu zuen zuzendari gazteak. Besta hori antolatzeko egindako lanari hain erantzun ona emaeagatik bertaratutakoei eskerrak eman zizkien, baina aipamen berezia merezi izan zuten igandean lanean aritu ziren 2.000tik gora boluntarioek.


Erabat kontent agertu zen zuzendaria lanean ibili zen jendearekin. Errioxako mugan dagoen herri horretan Nafarroa Oinez-en tamainako besta antolatzeko lanetan borondatez arituko diren hainbertze lagun lortzea benetan zaila baita. Erentzun ikastola aitzinera ateratzea ere zaila dela gogorarazi, eta Nafarroa Oinez-ek duen garrantzia goraipatu zuen; 1992an ikastolaren egoitza eraikitzea posible egin zuen orduan, eta oraingoan ere, leku gehiago behar izanik, ikastolaren handitzea eta moldatzea ekarriko ditu. Horregatik, hau guztia posible egin duten boluntarioak, guztira 2.000 baino gehiago, bereziki eskertu zituen. Joan den astean Nafarroa Oinez-en aurtengo edizioa aurkeztu zutenean zailtasunak aipatu, eta artean hutsune batzuk bete gabe zituztela kontatu zuen Lizarragak. Orduan egindako deialdiari indartsu erantzun zion jendeak; aste bete eskas falta zenean, borondatezko laguntza eskaintzeko dei andana jaso zuten Erentzun ikastolan.


Markak hautsiz


Biharamunean datu zehatzak ematea ezinezkoa izanik, irabazitako diru kopurua edo Vianara bertaratutako jendetzaren zenbatekoa datozen egunotan zehaztuko dira. Lehen balorazioan «helburuak bete» direla aurreratu zuen zuzendariak. Besta honetarako espero zitekeen kopurua gainditutzat eman da (100.000 lagun). 2003an Lodosa eta Sartaguda herrietako Nafarroa Oinez-ek hautsi omen zituen ordu arteko marka guztiak (120.000 lagun). Viana ere hurbil ibiliko da.

Ikastola berriaren lehen harria ezarri da


Dantzari eta trikitilariz osaturiko kalejira batek girotu zuen Irurako ikastolaren eraikin berriaren lehen harria ezarri zeneko unea. Irura azken urteotan asko hazi denez, egungo ikastola txiki geratu zitzaien ikasleei zerbitzu duin bat eman ahal izateko.



Lehenengo harria ezartzeko ekitaldian, kutxa bat lurperatu zuten ohikoa den moduan. Bertan, xare bat, eguneko egunkariak, txanponak eta ikastolaren proiektua sartu zituzten kilometroak 2008 festa bertan egingo dute proiektua aurrera eramateko dirua biltzeko


Irurako ikastolako kideek eta udaletxeko ordezkariek herriko ikastola berriaren lehen harria jarriko zuten, larunbatean, Zilar kaleko laugarrenean. Proiektua martxan delako pozarren agertu ziren ikastolako ordezkariak. 12.00etan plazan bildu ziren eta ekitaldi sinbolikoari ekin zioten.

Orain arte Irurako ikastolako ikasleak egoera kaskarrean egon dira. "Apaiz etxean, liburutegian, ludotekan eta Kzgunean ematen ditugu eskolak, ikasle guztiak banatuta ditugu eta egoera ez da jasangarria. Horregatik behar-beharrezkoa dugu eraikin berria", azaldu zuen Josune Aiestaranek ikastolako zuzendariak.

Hasieran bi eta sei urte bitarteko haurrentzako zerbitzua eskain- tzen zuten, ondoren, 0 eta 2 urtekoentzat haur-eskola jarri zuten eta 2004 urteaz geroztik Lehen Hezkuntzako kurtsoak gehituz joan dira. Horrela, orain, LHko bosgarren maila bitarte eskaintzen du Irurako ikastolak eta datorren kurtsoan seigarrena ere eskainiko dute. "115 haur ditugu orain eta, matrikulazioen arabera, irailean 141 izango ditugu. 12 urtera bitarte heziketa osoa eskainiko du ikastola berriak", aipatu zuen Josune Aiestaran, ikastolako zuzendariak.

Irurako ikastola pribatua denez, erakundeen diru-laguntzarik ez du jaso eraikin berria egiteko. Bide honetan, Partaide Ikastolen Federazioak Kilometroak 2008 Iruran egitea onartu du. "Guretzat oso garrantzitsua izango da. Bailarako proiektu bezala ikustea nahi dugu eta laguntza eskatu nahi dugu", gehitu zuen Aiestaranek.

Udalak lursailen lagapena egin du eta 1.500.000 euroko mailegua ordaintzeko 600.000 euro emango dizkio ikastolari. "Haurrak ikastolan hazi eta heztea eta herri bizi bat nahi ditugu", azaldu zuen Marimi Ugalde alkateak.

Irurako ikastola berriko lehen harria jarriko dute larunbatean

kilometroak 2008 festa bertan egingo dute proiektua aurrera eramateko dirua biltzeko


irura. Irurako ikastolako kideek eta udaletxeko ordezkariek herriko ikastola berriaren lehen harria jarriko dute, larunbatean, Zilar kaleko laugarrenean. Proiektua martxan delako pozarren agertu ziren atzo ikastolako ordezkariak. 12.00etan plazan bilduko dira eta ekitaldi sinbolikoari ekingo diote.


Orain arte Irurako ikastolako ikasleak egoera kaskarrean egon dira. "Apaiz etxean, liburutegian, ludotekan eta Kzgunean ematen ditugu eskolak, ikasle guztiak banatuta ditugu eta egoera ez da jasangarria. Horregatik behar-beharrezkoa dugu eraikin berria", azaldu zuen Miguel Amenabar, ikastolako lehendakariak.


Hasieran bi eta sei urte bitarteko haurrentzako zerbitzua eskain- tzen zuten, ondoren, 0 eta 2 urtekoentzat haur-eskola jarri zuten eta 2004 urteaz geroztik Lehen Hezkuntzako kurtsoak gehituz joan dira. Horrela, orain, LHko bosgarren maila bitarte eskaintzen du Irurako ikastolak eta datorren kurtsoan seigarrena ere eskainiko dute. "115 haur ditugu orain eta, matrikulazioen arabera, irailean 141 izango ditugu. 12 urtera bitarte heziketa osoa eskainiko du ikastola berriak", aipatu zuen Josune Aiestaran, ikastolako zuzendariak.


Irurako ikastola pribatua denez, erakundeen diru-laguntzarik ez du jaso eraikin berria egiteko. Bide honetan, Partaide Ikastolen Federazioak Kilometroak 2008 Iruran egitea onartu du. "Guretzat oso garrantzitsua izango da. Bailarako proiektu bezala ikustea nahi dugu eta laguntza eskatu nahi dugu", gehitu zuen Aiestaranek.


Udalak lursailen lagapena egin du eta 1.500.000 euroko mailegua ordaintzeko 600.000 euro emango dizkio ikastolari. "Haurrak ikastolan hazi eta