'Eraikitzen' leloarekin ekin dio Irurak Kilometroak 2008ren «erronkari»
Ofizialki hasiera eman dio Irurako Ikastolak Kilometroak 2008ri. Atzo egin zuten prentsaurrekoa Ikastolen Etxean urte bete iraun eta jaialdi erraldoiarekin amaituko den egitasmoari. Eraikitzen leloarekin ekin diote «erronka handi» horri, jasotzen den dirua Ikastolaren eraikin berria ordaintzeko izango dela gogoratuz, eta logo bezala euskal ikur ezaguna oinarri hartuta hiru burukoa irudikatu dute.
Kilometroakeko arroparekin jantzita egin zuten aurkezpena Sorkunde Irazu Ikastolako lehendakariak, Josune Aiestaran zuzendariak, Arantza Manterola GIEko lehendakariak eta Joxe Mendizabal eta Igor Elortza Kilometroak 2008ren koordinatzaileek. «Orain arte jaialdia egin den herririk txikiena da Irura», zehaztu zuen Elortzak. Herri txikia izanagatik ere, «herri bizia» dela gaineratu zuen eta «erronkari aurre egiteko prest» dagoela.
Herri kohesioa
Sorkunde Irazuk Kilometroaken helburuak aipatu zituen. Nabarmenena, Ikastolak herrian sortzen duen kohesioa da. «Irura herri berria da», azaldu du Irazuk, «eta gurasoen arteko harremanak Ikastolaren inguruan gauzatzen dira. Ikastolaren alde herri guztia inplikatzen da: haurrak, gazteak, gurasoak, aiton.amonak...».
Eraikin berria egiten hasi dira dagoeneko. «Lekurik ezak dakar eraikin berri baten apustua», zioen Irazuk. «Etekin ekonomikoa da behar duguna jauzi handi honi buelta emateko». Bestalde, Irurako haurrek egiten duten ikasketa ibilbidea izan zuten hizpide. Iruran hasi, Anoetan jarraitu eta Tolosan bukatzen dute unibertsitate aurreko ikasketak. Hori dela eta, «bailarakide dituen ikastolak gertu izango dira laguntzeko», azaldu zuen Irazuk. Arantxa Manterolak ikastolak «biziak, beharrei aurre egiten dietenak eta ausartak» direla eta «elkartasunezko» kolektibo direla nabarmendu zuen.
Kilometroak 2008ko denda martxan jarriko dute gaurtik aurrera. Tolosako Kale Nagusiko 15. zenbakian dago. Astegunetan 17:00etatik 20:00etara eta larunbatetan 09:30etik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik. Arropak ez ezik, pinak, metxeroak, poltsak eta osagarriak egongo dira salgai. Aurkezpenean gonbitea luzatu zuten bertara erosketak egitera joateko.
Historia pixka bat
Orain 30 urte ireki zituen ateak Irurako Ikastolak. «Herrian kezka bat zegoen: euskara galtzen ari zela», azaldu zuen Josune Aiestaranek. Gazte Alaiak elkartearen inguruan herriko hainbat guraso eta gaztek gaiari heldu zioten. «Egoera ez zen samurra», zioen Aiestaranek, «baina ez zitzaien ilusiorik falta, egungoei falta ez zaien bezalaxe».
Apaizetxeko lokalean abiatu zuten proiektua. 1981. urtean jaso zuten titulartasuna. 1985. urtean egungo egoitzara pasa ziren. Hurrengo urtean, eskola publikoa desagertuta, Ikastola herriko eskola bakarra bezala gelditu zen. Haur Hezkuntza eskaintzen zuten eta gero ikasleak Anoetara joaten ziren ikasketak jarraitzera.
1994an bigarren gela zabaldu zuten. 1996an hirugarren gela eta 2003an LH 1 eta 2 ematen hasi ziren ere. Egun 2 urtetik hasi eta 12 urte bitarteko hezkuntza eskaintzen du Irurako Ikastolak.
kilometroak eraikitzen
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
0 comentarios:
Publicar un comentario