300 lagun inguru elkartu ziren KMK 2008ren kantu afarian


Anoetako Antolatzaileak «oso gustura» ekitaldiaren nondik norakoekin; herriari eskerrak emateko balio izan du kantu afariak
Kilometroak 2008ko Anoetako Batzordeak eta Ikuskizun Batzordeak bultzatuta, larunbat gauean kantu afaria egin zuten Anoetako frontoian. Antolatzaileak «oso gustura» agertu dira ekitaldia nola izan zen ikusita. «Janaria oso gozoa zegoen eta giroa ere oso ona izan zen. Arrakastatsua izan dela esan daiteke».
Izan ere, 300 lagun inguruk parte hartu zuten. «Batenbat joan gabe gelditu zen, baina kopuru horiekin zerrenda itxi behar izan genuen, bestela esan baikenuen sukaldeko lana ondo bete». Hain zuzen, antolatzaileek Kuku elkartean sukaldari lanetan aritu zirenen jarduna goraipatu dute. «Oso ondo prestatuta zegoen eta hainbeste jenderentzat afaria egitea ez da batere erraza». Afaria eta gero Antton Iztueta arduratu zen elkartu zirenak kantatzen jartzeaz eta bukaeran Unsain Anaiek erromeri giroa jarri zuten.

Eskerrak emanez
Afarian zehar, Kilometroak 2008ren antolatzaileek Anoetako herriari eskerrak emateko baliatu zuten, bai jaialdia antolatzeagatik bai orain arteko beste ekintzetan zein etorkizunean etorriko direnengatik. Horrela, Anoetako Ikastolari, bertako guraso batzordeari, Gaztetxeari, Kuku elkarteari eta Udalari eman zizkioten eskerrak. Bestalde, afaria girotu zuten Antton Iztueta zein Unsain Anaiek ere jaso zituzten esker onak.
Horrez gain, Kilometroak 2008ren inguruko hurrengo ekitaldien berri eman zuten. Hala, martxoaren 8an Pirritx eta Porrotx pailazoen emanaldia izango da eta apirilaren 26an Ñañarri-Irura Rally Sprint antolatuko dute. Azken ekitaldi honetarako boluntarioak beharko dituztela azaldu dute antolatzaileek.




0 comentarios: