Antolatzaileek egin duten balantzea "oso ona" izan da


"Etorri den jende andana kontuan hartuta, eta Kilometroak-08k eskaini duen zerbitzuari erreparatuta, irakurketa ona besterik ezin dela egin" iritzi diote

Kilometrotako antolatzaile eta arduradunek gaurko egunaren balorazioa egin dute. Orokorrean, "balorazioa bakarra da: ona, oso ona", azaldu dute. "Etorri den jende andana kontuan hartuta, eta Kilometroak-08k eskaini duen zerbitzuari erreparatuta, irakurketa ona besterik ezin dela egin" iritzi diote. Jendetza bildu da Iruran eta Anoetan, ibilbideak bi herriak hartzen baititu, eta hainbestekoa izan da bildutako jendearen kopurua ibilbidean moldaketa txiki batzuk ere egin behar izan dituztela antolatzaileek. Esaterako, bazkal orduan, Anoeta eta Irura arteko zubia zabaldu egin behar izan dute. Ordu horretan, izan ere, Anoetako Renfeko geltokira jendea iristen ari zen oraindik.

Jende uholdeak sortu ohi dituen arazo txikiak baino ez dira gertatu balantzea egin dutenerako, hau da, arratsalde hasierarako. Batik bat galdutako umeak izan dira arazo horien iturri. Dena dela, antolatzaileak "gustura" daude, aurten abian jarritako identifikazio pultseren sistemak "asko erraztu" baitu lan hori ere.
Aurtengo beste berrikuntzei dagokienean, antolatzaileek "irakurketa baikorra" egin dute: "Bizikletentzako aparkalekuak bete egin dira, edoskitze puntuetan egun osoan izan da joan-etorria eta bluetooth bidez milaka jendek jaso du infomazioa, une oro".
Txosna eta jantokien funtzionamenduarekin ere "gustura" agertu dira antolatzaileak. Jantokiak beteta izan dira, eta 2.000 lagunetik gora izan dira bazkaltzen horietan. Txosnetan, berriz, arratsaldeko ordu horietarako ia agortzen ari ziren ogitartekoak.
Garraio publikoaren erabilera izan da, bestalde, antolatzaileek gehien baloratu duten puntuetako bat. Izan ere, antolatzaileek egindako deialdiari "ondo baino hobeto erantzun dio jendeak", eta hori izan da Irurara joandako gehiengo handi batek erabili duen garraiobidea. Hortaz, antolatzaileak eskerrak eman beharrean aurkitu dira, jendeak esandakoari kasu egin eta halako egun baten antolaketa lana erraztu dutelako. Halaber, etorritako guztiei eman dizkiete eskerrak, eta batik bat "eguna hain ondo irten dadin lagundu duten boluntario guztiei".

0 comentarios: