Bigarren eskuko azoka antolatu du Kilometroak 2008k larunbaterako


Garbiketa eta Ingurugiro Batzordeak bultzatu du egitasmoa eta Tolosako Triangulo plazan egingo dute.


Kilometroak 2008k bigarren eskuko azoka antolatu du larunbat honetarako. Tolosako Triangulo plazan egingo dute, 09:30ean hasi eta 13:30ak arte. Garbiketa eta Ingurugiro Batzordetik sortutako egitasmoa izan da. Nerea Bidaurreta Batzordeko kideak azaltzen duenez, «antolakuntzatik esan ziguten Batzorde guztiei ekitaldiren bat antolatzeko ideia emateko. Guri iruditu zitzaigun oso interesgarria, bigarren eskuko produktuei buelta ematea, eta hortik sortu zen ideia».
Izan ere, hezkuntzaren aldetik ere aukera ona ikusten dute, Bidaurretak dioenez: «Azoka hau egiterakoan ikasleei erakutsi diezaiokegu bigarren eskuko produktuei erabilera bat eman daitekeela. Nahiz eta beraiek ez erabili egon daitekeela norbait interesatzen zaiona hori erabiltzea».
Hainbat postu egongo dira. Batzuk partikularrak izango dira eta bestetik eskualdeko ikastoletatik eta Asteasuko Pello Errota eskolatik bildutako materiala izango da. Ikastetxeetara materiala eramateko azken eguna etzi izango da. Postua jartzen duten partikularrek kuota bat ordaindu beharko diote antolakuntzari. Bestalde, ikastetxe bakoitzeko materialarekin postu bana jarriko da. Prezioak materiala utzi duten ikasleek jarriko dituzte. Hortik ateratzen den dirua Kilometroak 2008rako izango da. Saltzen ez den materiala Kilometroak 2008rentzako geldituko da eta ekitaldi nagusiaren egunean jarriko den tonbolarako utziko dute ziurrrena. Artelatz enpresatik zein Tolosako Udaletik laguntza jaso dute bigarren eskuko azoka antolatzeko.
Rallysprinterako jende bila
Kilometroak 2008ren baitan, hurrengo ekitaldia hilaren 26an egingo da, Ñañarri-Irura I. Rallysprinta, hain zuzen. Antolakuntza aldetik ekitaldi handi izango da eta Kilometroak 2008tik azaldu dutenez, boluntarioak behar dituzte egun horretarako. Izena eman nahi dutenek Irurako Ikastolan bertan edo www.kilometroak.net helbidean egin dezakete.

0 comentarios: