Bizikleta festa arratsaldean izan zen Zerkausian, eta Bonbereneakoen eskutik jarraitu zuen gero.
Zerkausiak atzo beste itxura bat hartu zuen, Kilometroak 2008 egitasmoaren barruan Bizikleta Festa antolatu baitzuten. Hori dela eta, 16:30etik aurrera Zerkausi inguruan nabarmena izan zen festa eta kirol giroa.
Guztira, 150 pertsona inguruk parte hartu zuten eta 10 monitore eta 86 bizikleta behar izan ziren ekitaldi hau aurrera atera ahal izateko. Ordubeteko lau saio egin ziren eta saio bakoitzean hiru monitore aritu ziren gidari-lanak egiten. Saio bakoitzeko parte-hartzaileen artean, 16 kanpin-denda eta 12 kirol-jantzi zozketatu ziren. Kilometroak-2008ren abestia, orain dela gutxi grabatua, entzungai izan zen arratsalde osoan zehar.
Atzo ere, Kilometroetako ekonomia batzordeak 2 lagunentzako afari bat zozketatu zuen. Baita asteburuko hiru egonaldi ere, landetxe batean, laguntzaile diren merkatarien saltokietan erosi duten bezero guztien artean.
Bonberenea Festa
Bizikleta Festa amaitu baino lehen Bonbereneako kideak jada kalean ziren, Tolosako bazterrak alaitzeko asmoz. Izan ere, atzo Bizikleta Festaz gain, Kilometroak 2008 egitasmoaren barruan Bonberenea Festa antolatu baitzuten.
Erraldoiak, buruhandiak, Mulambo eta Bonberenea txaranga Tolosako kaleetan ibili ziren. Festa honen helburu nagusia KMK-08 inguruan lan egin duten pertsonei festa bat eskaintzea zen, herriko bazterrak alaitzeaz gain eta baita jendea Bonbereneara hurbiltzea ere, izan ere, kalejiran ibili ondoren gauean kontzertuak izan ziren gaztetxean bertan, baita dj bat ere. Hasieran Desordutan taldearen txanda izan zen eta ondoren In de kitxen taldeak jo zuen. Amaitzeko DJ-Bull-ek musika jarri zuen.
0 comentarios:
Publicar un comentario