Donostiako Zurriola ikastolak antolatuko du KMK'09. Gros-Ategorrieta auzoko ikastetxe honek ezin ditu gaur egun eskaera guztiak bete eta beste eraikin bat egin nahi du. Helburu horrekin hartu du datorren urteko festa antolatzeko ardura.
Ohiko eszena errepikatu zen atzo. Aurtengo KMKen arduradun nagusia, Irurako ikastolako lehendakaria den Sorkunde Irazuk, lekukoa eman zion Gipuzkoako Ikastolen Federazioko lehendakari den Arantza Manterolari, eta honek Zurriolako buruzagiei eman; alegia, Joxe Mari Eizmendi lehendakariari eta Aurkene Mora zuzendariari.
Batez ere Gros, Ulia, Intxaurrondo eta Egiako ikasleak hartzen ditu ikastetxe honek. «Ibaia halako muga bat da. Donostiako erdialdetik, ibaiaz bestaldeko auzoetatik, jende gutxi etortzen zaigu», adierazi zuen Aurkene Mora zuzendariak.
Kontuan izan behar da orain dela urte batzuk Barandiaran Lizearekiko batuketa-prozesuari ekin ziola Zurriolak, eta batze hori burututa dago. Halaxe, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ildoak ugaldu egin ditu.
Gaur egun 958 ikasle ari dira, hasi Lehen Hezkuntzan eta Batxilergoaren bukaera arte. Lanbide Heziketako moduluetan, berriz, beste 78 ikasle ari dira.
Atzo, lekukoa jasotzen, hau esan zuen Eizmendi lehendakariak: «Ikastera etorri gara. Erronka handia da guretzat. Inbidia handia eman digute hor bideoan ikusi ditugun leku-aldatzearen irudi horiek. Seguru lortuko dugula Kilometroak on bat antola-tzea. Indar guztia jarriko dugu horretan. Eskaera bakarra daukat: mesedez kontaidazue zer egin duzuen eguraldi hau izateko, KMK antolatzeko protokoloetan ez baitu honi buruzko ezer esaten».
Irazuk, Irurako lehendakariak, hau opatu zien donostiarrei: «Bakarrik, guk gozau dugun aina giza dezazuela»
Atzoko lekuko-emate ekitaldia ez-ohikoa izan zen. Jeneralean, omenaldi-ekitaldia ere izango da, eta gehienetan ikastolaren sor-tzaileei gorazarre eginten zaie. Atzo ez zen horrelakorik egin.
Ikastolako ekitaldi-aretoan bildutako hezkuntza, politika eta kultura munduetako ordezkariei bi bideo erakutsi zitzaien, non azaltzen baitzen Irurako ikastolaren historia.
Umorez zipriztindutako ekitaldia izan zen. Kike Amonarriz Euskal Telebistako aurkezlea arduratu zen aretoa girotzeaz, horretarako maisu-plantak egiten hasi zelarik. Paper batzuk banatu zituen ikusleen artean, eta hauek bideo-lanetan emandako datu batzuei buruzko galderak erantzun behar zituzten.
Ez-ohiko aurpegiak
Atzoko hasiera-ekitaldira politika munduko ordezkari ugari agertu ziren. Alderdi nazionalista eta abertzaleetako ordezkariez gain, atzokoan PSEko kide bat azaldu zen, Rafaela Romero, Ba-tzar Nagusietako lehendakaria.
Saiatu zen kazetarien aurrean adierazpen labur batzuk euskaraz egiten.
Beste ez-ohiko aurpegi bat Xabier Azanzarena izan zen. Euskararen Nafar Institutuko zuzendaria oso bigarren planoan egon zen goiz osoan zehar, bere burua nabarmendu gabe. Inoiz Patxi Baztarrika Eusko Jaurlariztako Hizkuntza Politikarako idazkariarekin hitz egin zuen; jakina denez, bi erakunde hauek elkarlanean hasiak dira, urteetako etenari amaiera emanda.
0 comentarios:
Publicar un comentario