JENDE UHOLDEA

Milaka lagunek egun pasa ederra
egin zuten atzo Irura eta Anoeta bitartean antolaturiko zirkuituan


Une heldu da; eta pasa da... Bizikletaz, autobusez, autoz, trenez eta oinez. Era guztietako garraiobide ailegatu ziren atzo goiz goizetik euskaltzaleak Irurara. Denak ere asmo berdintsuarekin, ongi pasatzea eta jai giroaz gozatzea. Hotz egiten bazuen ere goiztiar ibili zen jendea, eta 10:00etarako ibilbideko kaleak beteta zeuden. Hotzari aurre egiteko hainbat aukera erabili zituzten euskaltzaleek: batzuk arropa, besteek edaria eta zenbaitek dantzan hastea.

Bost gune zituen ibilbideak, orotara, sei kilometro eta erdiko bidea osatuz. Batzuk, egunari hasiera emateko ibilbide guztia zeharkatu zuten. Gune bakoitzean zer zegoen ikusi ondoren, arratsaldea non pasa aukeratzeko. Guraso gazteak haurrak soinean zituztela ikusi zitezkeen, baita Kilometroen jarraitzaile beteranoak ere. Hau da, lehen ikastolak eraikitzen lagundu zutenak. Kilometroetan adin, sexu eta jatorri guztietako lagunentzat egon zen tokia. Horren adierazle izan zen, urtero 100.000 pertsona inguru hurbiltzen zirela Ikastolen aldeko festara.

Urtero irudi berdintsuak errepikatzen direla esan daiteke: agintariak zinta mozten, aldarrikapenak, jende ilarak ibilbidera sartzeko, jokuak, kale animazioa, kontzertuak, bertsolariak eta haurren jolasak. Baina hala ere jendea ez da aspertzen eta egun paregabea izaten da gehienentzat.

Guneetan ekitaldi ugari

Goizean nahiz arratsaldean ekitaldi ugari izan ziren eta guztiek izan zuten gozatzeko aukera: kontzertuak, dantzaldiak, kirolak, jokoak, janaria, edaria, haurrentzako ekitaldiak,... Ez zen ezer falta. Jendeak ere ondo erantzun zuen eta gune guztiak bete ziren. Bisitariak gune guztietan zabaldu ziren eta ez zen gune hutsik izan. Egunak bereak egin du eta biharamunarekin guztia biltzeko unea heldu da...

0 comentarios: