Zerkausiaren gainean, pedalei emanez


Kilometroak 2008k Bizikleta Festa antolatu du hilaren 28ko arratsaldean, Tolosako Zerkausiaren terrazan.

Kilometroak 2008ko Ikuskizun Batzordekoei, zer antolatu pentsatzen ari zirela, azkenaldian arrakasta izaten ari den kirol praktika bat etorri zitzaien burura: spinning edo cycling, hau da, musikaren erritmora bizikleta estatiko batean pedalei eragitea. Eta horrela sortu zen Bizikleta Festa egitearena: ia 100 lagun cycling egiten Tolosako Zerkausiaren gainean.


Xabier Saizarrek, Irurako Ikastolako irakaslea eta Bizikleta Festaren antolatzaileetako bat, azaltzen duenez, «ideia polita iruditu zitzaigun hainbeste jende batera Kilometroen alde pedalei ematea Zerkausia bezalako leku batean».


Hilaren 28an egingo da ekitaldia. 16:30ean hasiko da eta lau saio izango ditu, bakoitza 50 minutukoa. Guztira 92 bizikleta izango dira eta partaide bakoitzak saio batean edo lauretan parte hartu ahalko du. Saio batean izena ematea 10 euro balio ditu, bitan 18 euro, hirutan 26 euro eta guztietan 34 euro.


Festa hau antolatzeko Anoetako, Ibarrako, Villabonako, Tolosako eta Ordiziako kiroldegien laguntza izan dute. «Zailena bizikletak lortzea zen eta kiroldegi horiei guztiei esker izango ditugu», dio Saizarrek. Antolakuntzak edatekoa jarriko die parte-hartzaileei. Eskuhoiala beharrezkoa da eta hori bakoitzak berea eman beharko du.

Giro berezia
Monitoreak Tolosako, Villabonako eta Anoetako kiroldegikoak izango dira eta Bizkaiatik etorriko diren bi lagun. Anoetako kiroldegiko arduraduna den Onintza Arregi izango da monitoreetako bat. «Festa berezia izango da. Cyclingarekin gehiago disfrutatu daiteke gero eta jende gehiago batera parte hartuz gero», dio Arregik. «Giro berezia izango da, partaideak leku ezberdinetakoak izango direlako eta monitoreak ere ezberdinak izango dira». Antolatzaileek azaltzen dutenez, ekitaldia ez da maratoi bat bezala pentsatu. «Festa bat da», dio Saizarrek. «Horregatik ahal den jende gehienak izena ematea gustatuko litzaiguke».


Txanda bakoitzean hiru monitore izango dira. «Bakoitzak bere estiloa du», dio Arregik, «eta hori ere interesgarri a izango da partaideentzat». Dagoeneko eskaintzen diren lekuen erdiak baino gehiago hartuak daude. Kontuan izan behar da ere, festaren amaieran kirol materiala zozketatuko dela.
Galderaren bat izanez gero, kmk.ikuskizunak@ikastola.net helbidera idatzi edo 688 65 80 04 zenbakira deitu daiteke. Festan parte hartzeko www.kilometroak.net helbidean sartu eta bertan eman behar da izena.






0 comentarios: