Han-hemenka ate joka aritu, egoitza eskuratu eta 1977.urteko irailaren 1ean JAIO zen Irurako Ikastola.
Nahiz Irurako ikastolak 1977ko irailean ateak zabaldu, atzean bazegoen kezka nagusi bat: herrian euskara galtzen ari zela.
Egoera ez zen samurra, urduritasunak lekua zuen, baina talde hartako kideei ilusiorik ez zitzaien falta, egungoei falta ez zaien bezalaxe, nahiz eta honek guztiak berekin lana eta lana dakarrela jakin, bai orduan eta bai gaur.
Sailaren eskutik titulartasuna lortu eta ordura arte lortu gabeko diru laguntzak jasotzen hasi zen Ikastola. 1983an Ikastola izaten jarraitzeko erabakia hartu zen bailarako ikastolekin batera.
1985ean, egungo egoitzara pasatu ziren, ikastetxea eskola publikoarekin batera konpartitzen zutela.
1986an eskola publikoa desagertu egin zen eta HH osoa gela batean eskaintzen zuen Ikastola zen Irurakoa.
Gerora, Irurako Ikastolako haurrek Anoetako Herri
Ikastolan burutzen zituzten ikasketak eta Tolosan ondorengoak.
Begi-bistakoa da bi ikastolen arteko harreman estua: administraria, proiektu pedagogiko berritzaile guztiak, ingeleseko klaseak,heziketa bereziko irakaslearen laguntza, jangela, eta abar, eta abar.
Ezin ahaztu Irurako Ikastolak Anoetako Ikastolarengandik jaso izan duen babesa.
Ildo horretatik, 1990-1995 urteetan Irurako eta Anoetako gurasoek kontseilu errektore bakarra izatera iritsi ziren.
1994an bigarren gela zabaldu zen ikastolan: 2-3 urtekoak gela batean eta 4-5 urtekoak bestean. Beraz, bi langile zeuden bertan.
1996-1997an hirugarren gela zabaldu zen, hirugarren langilea hasi zen, beraz.
Herri hazkundea begi-bistakoa zenez, bi Ikastolek eta bi Udalek (Irurakoak eta Anoetakoak) arazoari heldu zioten, herri bakoitzak bere identitatea mantentzea ezinbestekoa zela garbi zuten aipatutako lau taldek eta etapa berri bati ekin zitzaion.
2003-2004 ikasturtean LHko 1 eta 2 gelak zabaldu ziren, berriro ere apaizetxean, horrela urtez urte LH osoa osatu arte. Egun, esan daiteke 2 urtetik hasi eta 12 urte arteko hezkuntza eskaintzen duela Irurako Ikastolak.
Bitartean, forma juridiko berria eman zitzaion: kooperatiba integrala. Aipatu kooperatiba gurasoek, irakasleek, Udalak eta ez-ohiko bazkideek osatzen dute, portzentaia jakin batzuetan betiere. Egun, 140 ikasle ditu, 106 familia eta 15 langile.
Gainera, eskola orduz kanpo kirol osagarriak ere antolatzen ditu. Ikastolaren proiektu pedagogikoak elkarlanari eta elkarrekin bizitzeari garrantzia ematen die. Hori horrela izanik, guraso eskola, euskarazko klaseak, bizikidetza plana, agenda 21
antolatze-lanetan parte hartzen du, besteak beste.