Tolosako Zerkausian egindako 'Bizikleta festa' ikusgarria izan zen



Grabatu berri den Kilometroak 08ko abestia entzungai izan zuten partehartzaileek



Tolosako Zerkausian atzo arratsaldean KMK-08ren egitasmoaren barruan egindako Bizikleta festa paregabea bezain ikusgarria izan zen. Eguraldi ona lagun zutela, Tolosako Zerkausiko goiko solairuan egin zen arratsaldeko 4:00etan hasteko zen ekitaldia. Ordu horretatik aurrera parte-hartzaileek bizikleta eta gorputza astintzeko aukera ederra izan zuten eszenatoki ezin hobean. Uzturre mendia aurrez aurre eta Oria ibaiaren uraren freskotasuna ondoan zutela, kirola egiteko eta, aldi berean, inguruneaz gozatzeko unea aprobetxatu ahal izan zuten Irurako ikastolaren alde ekitaldian parte hartu zuten lagun guztiek. Antolatzaileek adi-tzera eman zutenez «eguraldi ederra eta eguzkiaren epeltasuna lagungarri izan dira, gaur arte izena emana ez zutenak ekitaldian parte hartzera animarazteko».


Guztira, 150 pertsona inguruk parte hartu dute, azken orduan 40 bat lagun eman baitzuten izena Zerkausian bertan. Lau ordu bizikleta gainean KMK 08 aldeko bizikleta festan 10 monitore aritu dira partehartzaile guztiak gidatzen. Tolosaldeko eta Goierriko polikirodekiak utzitako 86 bizikleta behar izan ziren ekitaldi hau aurrera atera ahal izateko.


Lehen parte-hartzaileak arratsaldeko 15:30ean hasi dira inguratzen eta 16:00etan puntuan eman zaio hasiera lehenengo saioari. Azkenean iragarrita zegoen modura, ordubeteko lau saio egin dira eta saio bakoitzean hiru monitore aritu dira gidari-lanak egiten. Bertaratu direnek argi utzi dute sasoi betean daudela, izerdi-patsetan amaitu baitute batek baino gehiagok, baina, aldi berean, pozik egindako lanarengatik. Saio bakoitzeko parte-hartzaileen artean, 16 kanpin-denda eta 12 kirol-jantzi zozketatu dira.


Egun honetan bertan, Kilometroak-eko ekonomia batzordeak bi lagunentzako afari eder bat zozketatu du, beren laguntza emanez parte hartu duten merkatarien elkarteko kideen artean. Era berean, baita asteburuko hiru egonaldi ere, landetxe batean, merkatari horien saltokietan erosi duten bezero guztien artean. Antolatzaileak, ekitaldiak izan duen harrera eta denek egindako lana ikusita, oso pozik agertu dira arratsaldearen azken orduetan.


Kanta entzungai
Zerkausian bizikleta gainean, ikusle modura edo inguruan pasa zirene oinezkoak grabatu berri den Kilometroak-2008ren abestia entzun ahal izan zuten arratsalde osoan zehar. Giroa alaia izan zuten Bizizkleta festan parte hartu dutenek eta baita hau bukatutakoan Zerkausi eta Triangulora ingurutu diren guztientzat, denak ere Bonbereneako festara joateko aukera izan baitute. Txaranga, erraldoi eta buruhandiak izan dira bertan eta kalejiran ibili ziren kalez kale Mulanbo taldea eta Bonbereneako txaranga ere lagun zituztela. Gaueko 21:00etatik aurrera, konztertua egon zen Bonberenean bertan, Desordutan eta lagunak, In de kitxen eta DJ. Bullekin goizaldera arte parranda egiteko aukera egon zen.

Cycling-a eta Bonberenearen festa Kilometroak 2008ren baitan


Bizikleta festa arratsaldean izan zen Zerkausian, eta Bonbereneakoen eskutik jarraitu zuen gero.


Zerkausiak atzo beste itxura bat hartu zuen, Kilometroak 2008 egitasmoaren barruan Bizikleta Festa antolatu baitzuten. Hori dela eta, 16:30etik aurrera Zerkausi inguruan nabarmena izan zen festa eta kirol giroa.


Guztira, 150 pertsona inguruk parte hartu zuten eta 10 monitore eta 86 bizikleta behar izan ziren ekitaldi hau aurrera atera ahal izateko. Ordubeteko lau saio egin ziren eta saio bakoitzean hiru monitore aritu ziren gidari-lanak egiten. Saio bakoitzeko parte-hartzaileen artean, 16 kanpin-denda eta 12 kirol-jantzi zozketatu ziren. Kilometroak-2008ren abestia, orain dela gutxi grabatua, entzungai izan zen arratsalde osoan zehar.
Atzo ere, Kilometroetako ekonomia batzordeak 2 lagunentzako afari bat zozketatu zuen. Baita asteburuko hiru egonaldi ere, landetxe batean, laguntzaile diren merkatarien saltokietan erosi duten bezero guztien artean.


Bonberenea Festa


Bizikleta Festa amaitu baino lehen Bonbereneako kideak jada kalean ziren, Tolosako bazterrak alaitzeko asmoz. Izan ere, atzo Bizikleta Festaz gain, Kilometroak 2008 egitasmoaren barruan Bonberenea Festa antolatu baitzuten.


Erraldoiak, buruhandiak, Mulambo eta Bonberenea txaranga Tolosako kaleetan ibili ziren. Festa honen helburu nagusia KMK-08 inguruan lan egin duten pertsonei festa bat eskaintzea zen, herriko bazterrak alaitzeaz gain eta baita jendea Bonbereneara hurbiltzea ere, izan ere, kalejiran ibili ondoren gauean kontzertuak izan ziren gaztetxean bertan, baita dj bat ere. Hasieran Desordutan taldearen txanda izan zen eta ondoren In de kitxen taldeak jo zuen. Amaitzeko DJ-Bull-ek musika jarri zuen.

Eraikuntza bukatzen

Zerkausiaren gainean, pedalei emanez


Kilometroak 2008k Bizikleta Festa antolatu du hilaren 28ko arratsaldean, Tolosako Zerkausiaren terrazan.

Kilometroak 2008ko Ikuskizun Batzordekoei, zer antolatu pentsatzen ari zirela, azkenaldian arrakasta izaten ari den kirol praktika bat etorri zitzaien burura: spinning edo cycling, hau da, musikaren erritmora bizikleta estatiko batean pedalei eragitea. Eta horrela sortu zen Bizikleta Festa egitearena: ia 100 lagun cycling egiten Tolosako Zerkausiaren gainean.


Xabier Saizarrek, Irurako Ikastolako irakaslea eta Bizikleta Festaren antolatzaileetako bat, azaltzen duenez, «ideia polita iruditu zitzaigun hainbeste jende batera Kilometroen alde pedalei ematea Zerkausia bezalako leku batean».


Hilaren 28an egingo da ekitaldia. 16:30ean hasiko da eta lau saio izango ditu, bakoitza 50 minutukoa. Guztira 92 bizikleta izango dira eta partaide bakoitzak saio batean edo lauretan parte hartu ahalko du. Saio batean izena ematea 10 euro balio ditu, bitan 18 euro, hirutan 26 euro eta guztietan 34 euro.


Festa hau antolatzeko Anoetako, Ibarrako, Villabonako, Tolosako eta Ordiziako kiroldegien laguntza izan dute. «Zailena bizikletak lortzea zen eta kiroldegi horiei guztiei esker izango ditugu», dio Saizarrek. Antolakuntzak edatekoa jarriko die parte-hartzaileei. Eskuhoiala beharrezkoa da eta hori bakoitzak berea eman beharko du.

Giro berezia
Monitoreak Tolosako, Villabonako eta Anoetako kiroldegikoak izango dira eta Bizkaiatik etorriko diren bi lagun. Anoetako kiroldegiko arduraduna den Onintza Arregi izango da monitoreetako bat. «Festa berezia izango da. Cyclingarekin gehiago disfrutatu daiteke gero eta jende gehiago batera parte hartuz gero», dio Arregik. «Giro berezia izango da, partaideak leku ezberdinetakoak izango direlako eta monitoreak ere ezberdinak izango dira». Antolatzaileek azaltzen dutenez, ekitaldia ez da maratoi bat bezala pentsatu. «Festa bat da», dio Saizarrek. «Horregatik ahal den jende gehienak izena ematea gustatuko litzaiguke».


Txanda bakoitzean hiru monitore izango dira. «Bakoitzak bere estiloa du», dio Arregik, «eta hori ere interesgarri a izango da partaideentzat». Dagoeneko eskaintzen diren lekuen erdiak baino gehiago hartuak daude. Kontuan izan behar da ere, festaren amaieran kirol materiala zozketatuko dela.
Galderaren bat izanez gero, kmk.ikuskizunak@ikastola.net helbidera idatzi edo 688 65 80 04 zenbakira deitu daiteke. Festan parte hartzeko www.kilometroak.net helbidean sartu eta bertan eman behar da izena.






Gipuzkoako Eskolarteko 28.Bertsolari Txapelketaren finala Iruran

Jende ugari izan zen atzokoan Iruran jokatutako Gipuzkoako 28. Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finalean, Kilometroak 2008ren ekitaldien baitan. Gipuzkoako Ikastolen elkarteak antolatuta, Irurako Ikastolaren laguntzarekin, eskualdeko bertsolariek emaitza oso onak lortu zituzten.

Alde batetik, Aratz Irazustabarrena alegiarrak, bertsopaparen sailean eta LH3 eta 4 mailetan txapela lortu zuen. Idatzizkoetan ere, Oihana Iguaran amasarrak DBHko bigarren zikloan aipamena lortu zuen. Bat batekoan, txikien mailan, 14 urte artekoetan, Goierri-Asteasu taldekoek lortu zuten txapela, tartean Haritz Mujika asteasuarrak.
Handien mailan, 14 eta 18 urte bitartekoetan Oihana Iguaranek parte hartzen zuen baina ez zuen saririk lortu. Txapela Ane Labaka lasartearrak eraman zuen eta bigarren Asier Azpiroz zubietarra izan zen.



KMk-08: SPINNING FESTA



Kilometroak 08 egitasmoaren barruan antolatu dugun spinning festak honako helburuak ditu:
Spinning-a, puri-purian dagoen jarduera aitzakia hartuta kmk-08 egitasmoa bailaran ezagutaraztea.
Ekintza burutuko den tokiaren ezaugarri berezi eta erakargarriak aprobetxatuz, ez ohikoa den "argazkia" lortzea.
Gure hizkuntza, euskararen erabilera bultzatzea, spinning-a bezalako jarduera fisiko modernoetan.
Kmk-08 egitasmoko ekintza bat gehiago denez, Irurako Ikastolari ekonomikoki bultzadatxoa ematea.
Osasunean hainbesteko garrantzia duen jarduera fisikoaren ludikotasuna lantzea, gizartean ohitura osasungarriak bultzatzeko.
Ahalik eta jende gehienak Spinning Festan parte hartzea, kirolak berekin dakarren konpetitibitatea alboan utzi eta jardueraren alor ludikoarekin festa handi bat eginez.

Informazioa


Data: 2008ko ekainaren 28an
Lekua: Tolosako Zerkausian
Ordutegia: - Harrera eta informazio gunea: 15:30 - 21:00

- Motxila zerbitzua: 15:30 - 20:45 - Saioak (nahi adina aukera daitezke): - 1.saioa: 16:30 - 17:20 - 2.saioa: 17:30 - 18:20 - 3.saioa: 18:30 - 19:20 - 4.saioa: 19:30 - 20:20 - Zozketa: 20:45

Akreditazioa: Spinning festan izena eman duen guztiak, egunean bertan, dagokion saioa baino lehen (gehienez ordubete eta gutxienez hamar minutu) harrera mahaira joan beharko du, bertan, akreditazioa jasotzeko. Horretarako ezinbestekoa izango da nortasun agiria erakustea.
Motxila zerbitzua: Parte hartzaile guztiek, motxilak antolakuntzaren ardurapean uzteko aukera izango dute euren saioak dirauen bitartean, horretarako akreditazioa erakutsi eta izen abizenak eman beharko dituztelarik


Araudia
Parte hartzaileek hamasei urtetik gora izan behar dute.
Parte hartzaileek izena eman ahala beteko dira saio guztietako bizikletak. Azkeneko bizikletarako izen-ematea egiten denean, izen-ematea itxita geratuko da.
Izen emateak balioa izango badu, EUSKADIKO KUTXA-n norberari dagokion ordainketa egin behar da. Hiru egunen buruan ordainketarik egiten ez bada, izen ematea bertan behera geratuko da.
Egunean bertan, harrera eta informazio gunean izena eman ahalko da, beti ere, aurrez bizikleta guztiak betetzen ez badira.
Bizikletak ez dira zenbatuta egongo eta parte hartzaileek, eremura sartu ahala, libre dauden bizikletak aukeratzeko eskubidea izango dute. Saio bat baino gehiago egin behar dituenak, bizikleta bera erabiliko du saio guztietan.
Ez dugu ziurtatzen bizikleta guztiek pedal hibridoa izango dutenik. Edozein kasutan, debekatuta dago bizikleten pedalak aldatzea.
Ezinbestekoa da izerdia lehortzeko esku oihala eramatea.
Izena emateko ezinbestekoa da 16 urte izatea (edo 2008an ehar 16 betetzea).
Antolakuntzak ez du bere egingo parte hartzaileak bere buruan edo beste pertsona batzuenean eragin edo jasan ditzakeen lesioen ardura eta kalte ordainik.
Izena ematean, parte hartzaile orok onartu egingo ditu araudian datozen baldintza guztiak.
Izen ematea Ekainaren 23an itxiko da epea. Izena eman...

XIV ORDUKO IBILALDIA




Maiatzaren 18a. Horixe da aurtengorako aukeratu dugun eguna. XIV Orduko Ibilaldia berriz ere hemen da, eta hartara begira lanean ari da Aralarko Adiskideak elkartea. Lau urtez behin egiten da ibilaldia, Tolosan abiatu eta aipatu denbora bueltan berriz ere bertara itzultzeko; Aralar mendigunera egiten da joan etorria.

Aurten Kilometroak Iruran egingo denez, ekitaldi horren laguntzaile izateko aukera ematen dizu Aralarko Adiskideak elkarteak izena ematerakoan 1 € gehiago jarriz.

Eta Kilometroak 08ko antolaketa-taldeko ordezkariak Aralarko Adiskideak elkarteari laguntzera joango dira maiatzaren 18an Aralarko San Migeleko postuan beraiek izango direlarik mendizaleetaz arduratuko direnak jatekoak eta edatekoak banatuz.