«Aurrera aterako dugu»

Bergarako Ikastolak Irurako Ikastolari lekukoa eman dio; urtebete geratzen da orain Kilometroak 2008 prestatzeko


Orain arte Kilometroen protagonismoa Bergarako Ikastolak zuen, bertan egin baita aurtengo Gipuzkoako Ikastolen festa. Baina, dagoeneko, protagonismo hori Irurako Ikastolak du, herenegun Bergarako Ikastolatik lekukoa jaso ondoren. Josune Aiestaran Irurako Ikastolako zuzendariak lekuko aldaketaren unea gogoratzen du: «Urduri geunden, lekukoa eskuetan izateak zer suposatzen zuen jakinik. Baina lekukoa ematearekin batera animoak eman zizkiguten eta egin behar dugun lanarekin disfrutatzeko esan ziguten». Gogoz daudela gaineratzen du: «Herri txikia gara eta oso garbi dugu ahalegin handia egin behar dugula. Denok gaude lana egiteko gogoarekin. Badakigu datorren urteko Kilometroak aurrera aterako dugula eta ondo gainera».

Herenegun ez ziren Irurako Ikastolakoak Bergarara joan lekukoa jasotzera bakarrik. Batzordeetan dauden 45 lagun joan ziren, Bergaran nola antolatu zuten ikustera eta ahal zen neurrian laguntza ematera. «Ondo joan zen dena», dio Aiestaranek. «Eguraldiak lagundu zuen eta horrek ere asko motibatu zuen jende guztia. Bergarako Ikastolakoek harrera oso ona egin ziguten eta nola antolatu zuten ikusi ahal izan genuen». Aiestaranek azaltzen duenen, «bat-bateko harremana» dute Bergarako Ikastolakoekin.


«Batzorde ezberdinetako kideek harreman zuzena dute Bergarako batzordekoekin. Gainera, Ikastolen artean beti laguntzen gara».Iruratik joan zen gurasoetako bat Ana Amonarriz izan zen. Ekonomia batzordean hartzen du parte. «Bergarako Ikastolako ekonomia batzordekoekin geldituta geunden aurretik», dio. «Bertan bizitu ahal izan genuen lanak eta antolamendua. Bertakoekin hitz egin, apunteak hartu eta argazkiak atera ahal izan genituen. Oso harrera ona izan genuen. Laguntzeko prest azaldu ziren edozein momentuan». Animatuta bueltatu dira irurarrak Bergarako esperientziaaren ondoren. «Asko animatu gaituzte», azaldu dute Amonarrizek.

«Oso inpresio ona jaso dugu». Goiz partean batzordeetako partaideekin egon ondoren, arratsaldean festaz gozatu ahal izan zuten. «Guneak nola antolatuta zeuden ikusi ahal izan genuen, dena giro oso onean», zehaztu du Amonarrizek.Lan handia gelditzen da, baina gogoz daudela erakusten dute Irurako Kilometroak prestatzen ari direnek. Bitartean, Ikastolako eraikin berriaren lanak aurrera doaz eta datorren astean igeltseritzako lanak hastea espero dute.

0 comentarios: