"Ikastolarik ez dago borroka egin gabe, baina fruitua ematen du"

Familien lana eskertu zuen Aranzadik eta Irurako ikastolari pasa zion lekukoa


bergara. Aranzadi ikastola 1971.ean sortu zuten. Baina hori baino askoz lehenago, gerra aurreko urteetan jada, ikastola bazen Bergaran. Patxi Azkargorta han izan zen ikasle, eta atzo omenaldia egin zioten Kilometroetan. Udaletxeko areto nagusian izan zen, eguerdian, eta lepo zegoen.


Donostian orduan pisu batzuetan euskarazko eskolak ematen bazituzten ere, Gipuzkoa guztian izan zen lehen ikastola izan zela Bergarakoa gogoratu zuen Azkargortak, eta gaur egun farmazia bat dagoen lokalean zegoela. Ikasle garaikoak ekarri zituen gogora bergararrak, "lotsatuta" eta apur bat emozionatuta udaletxean bildutakoen aurrean hitz egitea tokatu zitzaionean. Bergarako "euskerie" aldarrikatu eta berak herritik kanpora lan egin behar izan zuela gogoratu zuen, Azpeitiko ikastola sortzeko lanetan aritu baitzen. Eta Jesuitekin ikastetxea zabaltzea lortzeko lana gogor egin behar izan zutela onartu zuen: "Borrokan egin barik, ez dago ikastolarik, baina fruitua ematen du gero".


Azkargortaz gain, Bergarako familiak omendu zituzten atzo Aranzadikoek, "izan direnak, direnak eta izango direnak, ikastolako proiektuan sinistu dutelako". Guztien izenean plaka oroigarri eta lore sorta bana jaso zuten Felix Altuna ikastolak izan zuen lehen presidenteak, eta honen emazteak, eta baita egungo lehendakari Anjel Mari Egurenek eta bere emazteak ere.


Omenaldiak umore puntua ere izan zuen, Mikel Laskurain aktore ezagunaren eskutik. Besteak beste, euskara laguntzeko Kilometroak eta hizkuntzaren aldeko festak egitea bai, baina "berba egitea" ere beharrezkoa dela gogoratu zuen.


lekukoa, irurara Azkenik, Aranzadi ikastolako zuzendari Patricia Urrutiak eta Egurenek lekukoa eman zieten udaletxean Irurako ikastolako ordezkariei, haiek izango baitira 2008ko Kilometroak antolatzeko arduradunak.


Josune Aiestaran zuzendariak Irura herri txikia dela, baina bailarako herritarren laguntza ere izango dutela Bergarakoa bezalako festa antolatzeko nabarmendu zuen.

0 comentarios: