Antolatzaileek egin duten balantzea "oso ona" izan da


"Etorri den jende andana kontuan hartuta, eta Kilometroak-08k eskaini duen zerbitzuari erreparatuta, irakurketa ona besterik ezin dela egin" iritzi diote

Kilometrotako antolatzaile eta arduradunek gaurko egunaren balorazioa egin dute. Orokorrean, "balorazioa bakarra da: ona, oso ona", azaldu dute. "Etorri den jende andana kontuan hartuta, eta Kilometroak-08k eskaini duen zerbitzuari erreparatuta, irakurketa ona besterik ezin dela egin" iritzi diote. Jendetza bildu da Iruran eta Anoetan, ibilbideak bi herriak hartzen baititu, eta hainbestekoa izan da bildutako jendearen kopurua ibilbidean moldaketa txiki batzuk ere egin behar izan dituztela antolatzaileek. Esaterako, bazkal orduan, Anoeta eta Irura arteko zubia zabaldu egin behar izan dute. Ordu horretan, izan ere, Anoetako Renfeko geltokira jendea iristen ari zen oraindik.

Jende uholdeak sortu ohi dituen arazo txikiak baino ez dira gertatu balantzea egin dutenerako, hau da, arratsalde hasierarako. Batik bat galdutako umeak izan dira arazo horien iturri. Dena dela, antolatzaileak "gustura" daude, aurten abian jarritako identifikazio pultseren sistemak "asko erraztu" baitu lan hori ere.
Aurtengo beste berrikuntzei dagokienean, antolatzaileek "irakurketa baikorra" egin dute: "Bizikletentzako aparkalekuak bete egin dira, edoskitze puntuetan egun osoan izan da joan-etorria eta bluetooth bidez milaka jendek jaso du infomazioa, une oro".
Txosna eta jantokien funtzionamenduarekin ere "gustura" agertu dira antolatzaileak. Jantokiak beteta izan dira, eta 2.000 lagunetik gora izan dira bazkaltzen horietan. Txosnetan, berriz, arratsaldeko ordu horietarako ia agortzen ari ziren ogitartekoak.
Garraio publikoaren erabilera izan da, bestalde, antolatzaileek gehien baloratu duten puntuetako bat. Izan ere, antolatzaileek egindako deialdiari "ondo baino hobeto erantzun dio jendeak", eta hori izan da Irurara joandako gehiengo handi batek erabili duen garraiobidea. Hortaz, antolatzaileak eskerrak eman beharrean aurkitu dira, jendeak esandakoari kasu egin eta halako egun baten antolaketa lana erraztu dutelako. Halaber, etorritako guztiei eman dizkiete eskerrak, eta batik bat "eguna hain ondo irten dadin lagundu duten boluntario guztiei".

Irurako ikastolaren eraikin berriaren inaugurazioa

Ikastola berriari, irribarrez

Kilometroak 08 festa handia iristeko hilabete eskas falta denean, Irurako ikastolaren eraikin berria inauguratu zuten atzo. Emozioa eta urduritasuna sumatzen dira dagoeneko

Ikasturte berriaren hasierarekin batera, malkoak marruak nagusitu dira aste honetan zehar ikastetxe askotan. Irurako ikastolan, aldiz, irribarreak eta poza izan dira maisu. Ikasleek ostiralean estreinatu zuten eraikin berria, modernoa eta polita, eta atzo egin zuten inaugurazio ofiziala. Poza eta emozioa airean, baina urduritasuna ere sumatzen zen. Izan ere, hilabete eskas falta da Kilometroak 08 jai handia Iruran ospatzeko.

Hala ere, urriaren 5a iritsi artean, ikastolaren eraikin berria martxan jartzeko astia izan dute iruratarrek. "Ametsa egi bihurtu da. Orain dela 13 urte 700 biztanle ginen eta gaur egun 1.500 gara. Hazkundea izugarria izan da eta herri bizi bat izateko herritarrei zerbitzuak eman behar zitzaizkiela argi genuen udaletxean. Kultur etxea, osasun zentroa eta frontoia egin ditugun bezala, ikastola berria egitea guretzat beharrezkoa zen", azaldu zuen Marimi Ugalde alkateak, emozioz.
6-12 urteko haur eta gaztetxoek gozatu ahal izango dute ikastola berriaz. Haurreskola eta 6 urte bitartekoen gelak, aldiz, eraikin zaharrean kokatuko dira.



Irurako alkateak eskerrak eman zizkien hainbat urtetan ikastolaren proiektuan sinistu duten guztiei. "Erronka handi bat dugu laster: Kilometroak jaia. Urte osoan zehar laguntza handia jaso dugu, bailara osotik iritsi dena. Eskerrak eman nahi dizkiegu denei eta laguntzen jarrai dezaten eskatu", azaldu zuen Ugaldek.



Era berean, Arantxa Manterola Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko lehendakariak ikastolen arteko "elkarlana" goraipatu zuen. "Erronkari beldurrik ez diotela erakutsi dute Iruran eta Kilometroak jaia antolatzen ausartu dira, herri txikia izanik. Bailarako ikastolek laguntza osoa eskaini diote eta esan beharra dago elkarlan hori ikastolen ezaugarri bereizgarri bat dela eta eredugarria dena, gainera", gaineratu zuen Manterolak.

Eraikina erabiltzeko ordua iritsi da

Etzi egingo dute Ikastolaren eraikin berriaren inaugurazioa; bihar dagoeneko ikasturtea hasiko dute bertan.


Irurako Ikastolaren eraikin berria etzi inauguratuko dute. Halere, bihar dagoeneko ateak irekiko dituzte ikasleentzat, ikasturte berezi honi hasiera emanez. «Gauza garrantzitsua da eraikina eta inaugurazioa egitea egoki ikusi dugu», azaldu du Josune Aiestaran Ikastolako zuzendariak.


Inaugurazioa etzi goizean izango da. 12:00etan hasiko da ekitaldia, Irurako dantzarien agurrarekin. Ondoren grabazio bat ikusteko aukera izango da. Sorkunde Irazu Ikastolako lehendakariak hartuko du hitza jarraian, eta gero ikasle ohiek bibolina joko dute. Ondoren, Marimi Ugalde Irurako alkatearen txanda izango da eta jarrain Ikastolen Konfederazioko kide batek hitz egingo du. Ekitaldia amaitzeko bibolin-joleek beste saio bat egingo dute eta ondoren eraikin berriaren ateak zabalduko dituzte bertaratuko diren guztientzat. Azkenik, herriko frontoian hamaiketakoa egingo dute.


Herriari zabaldua


Jende ugari gonbidatu dute Ikastolakoek. Bai eskualdeko beste ikastoletakoak, bai Irura, Anoeta eta Tolosako Udaleko ordezkariak, Irurako Ikastola sortu zutenei eta lehen promozioan izan zirenak, Ikastolari laguntzeko beti prest agertu direnei, Partaideko, Hezkuntza Saileko eta Ikastolen Elkarteko kideei eta baita, noski, Kilometroetako antolakuntza jarduten dutenei.


Gonbidatu guzti horiez gain ere Josune Aiestaranek eta Sorkunde Irazuk nabarmentzen dute Irurako herritar guztiei zabaltzen zaiela gonbitea. Aiestaranek gaineratzen duenez, «eraikin berriaren areto nagusia herriko areto handiena izango da eta herriak etekin handia atera behar dio horri». Aretoak bere kanpoko sarrera independientea du.


Eraikinari berari dagokionez, azkeneko ikutuak falta dira, dena behar bezala egoteko eta egunotan ari dira horiek lotzen. Hezkuntza sailak dagoeneko eman du baimena eraikina erabili ahal izateko. Ikastolaren ametsa, beraz, bihartik aurrera hasiko da betetzen, eraikin berria erabiltzen hasten direnean.


«Oso ilusionatuta gaude eraikin berriarekin», zehaztu dute Aiestaranek eta Irazuk. «Oso harro gaude lan handia egin dugulako eta ikasturte berria eraikin berrian hasiko dugulako». Eraikin berrian Lehen Hezkuntzako ikasleak ariko dira. Ikasleak ere ilusionatuta daude eta eskolako materiala eramaten lagundu zuten.


Egindakoak emaitzak ematen


Eraikin berria ordaintzen lagunduko dien egitasmoa da aurtengo Kilometroak. Hilabete besterik ez da falta egun handirako eta horretarako prestaketak ere aurrera doaz. Sorkunde Irazuk azaltzen duenez, «urte osoan egin dugun lanak emaitza ematen ari dira orain». Azken urtean zehar hainbat ekitaldi egin dituztela eta guztiak «oso ondo atera» direla zehaztu dute. Bereziki rallya aipatu dute, «Kilometroak txiki bat bezalakoa izan zen eta dena ondo atera zen». Hori bai, boluntario bila jarraitzen dute urriaren 5eko ekitaldi erraldoiarentzako. Lagundu nahi duenak deitu dezake 636 724 827 edo 676 44 80 66 zenbakietara edo idatzi kmk.gizabaliabideak@ikastola.net helbidera.

Ikastola Berria

KMK-08 ko bideoklipa" OINARRIA ERAIKITZEN "



'oinarria eraikitzen' kantuaren hitzak



Ikastola berria.

Sortu,

helburuak lortu, gertu, garena agertu.

Zama, taldeak darama,

lana, jasoa, emana.

Herria egiten, geroari eragiten.

Biharrari arnas, orainak emanaz.

Unea heldu da, Irura da jomuga amestutako hura lortzeko ardura.

Geroa egiten, Herriari eragiten, ekiten...

Orainari arnas, biharko emanaz.

Unea heldu da, Irura da jomuga,

amestutako hura lortzeko ardura.

Eta heldu da Irura helburura, amestutako hura daukagu eskura.

Ikastola berria, garenaren neurria, Irurako herria, biharko oinarria. Azkeneko harria denoi esker jarria,

Ikastola berria, oinarria... Eraikitzen,

eraikitzen, luberritzen, eraikitzen.

Eraikitzen, hautsak astintzen, maldak berdintzen, oinarria ipintzen, geroa hurbiltzen.

Eraikitzen, erabiltzen, nahiak biltzen, oinarria ipintzen,

zuekin handitzen.

KMK-08ren EKITALDIA: 'OINARRIA ERAIKITZEN' KANTAREN ETA BIDEOKLIPAREN PRENTSAURREKOA

Lehenik eta behin mahaikideak aurkeztu ditu Igor Elortza moderatzaileak, eta ondoren bideoklipa aurkeztu eta ikusi ahal izan da Koldo Mitxelena Kulturunean bertan. Horren ondoren bideokliparen inguruko xehetasun batzuk eman ditu Igorrek berak.

Kilometroak 2008ko irudiaren sortzaile Tolosako ZUT diseinu etxea izan da, eta beraien ideia batean oinarriturik eta haiek eginiko gidoipean Run Down-e produktorak eginiko lanaren ondorioa da Kilometroak 2008ko bideo promozional hau, Carl Watermark-en zuzendaritzarekin. Halakoetan egin ohi diren bideoen desberdina egitea bilatu da. Horregatik nahastu dira 3-D infografiak eta irudi errealak.

Grabazioa Tolosako Bonberenean egin zen ekaineko bi arratsaldetan, baina lanaldi osoaren atalik gogorrena edo konplexuena bi aste iraun duen muntaia izan da.

Bideoan agertzen diren pertsonaiak Irurako ikastolako haurrak, gurasoak eta aiton-amonak dira. Hauekin batera Kilometrotako aurtengo ekitaldiko kanta egiten aritu den lan taldeko partaide ugari agertzen dira bideoan, Desordutan taldeko kideak, Bonberenea txarangakoak, Jone (kantaria), Gorka (Izeba Pilarren Ilobak taldeko kidea), Aritz (Deabruak Teilatuetan taldeko abeslaria) eta Aitor Mendiluze (bertsolaria eta KMK kantako letraren egilea). Bideogilearen aldetik adierazi oso erreza eta atsegina izan dela guztiekin lanean aritzea eta azken produktuarekin oso gustura daudela. Orain orokorrean jendeari gustatzea espero dugu, eta horretarako medioei eskatzen zaie bideoaren zabalkundean laguntzea.

Horren ondoren Joseba Aranburu “Txus” Desordutan taldeko kideak hartu du hitza, eta bi puntuetan zentratu da nagusiki. Batetik antolakuntzaren deia nola hartu zuten adierazi du, kantua baino gehiago proiektuaren osotasuna aurkeztu zitzaiela eta beraiek horren gidaritza egitea zela eskatzen zitzaiena, eta inolako ezbairik gabe onartu zutela. Proiektua kantua bera baino zabalagoa izan da, kolaborazioak, Kilometroak 2008n beraren ezagutza haundiagoa eta bere helburu guztiekin bat egitea. Horrekin batera kolaboratzaile guztiak eskertu nahi izan ditu, Mulanbo perkusio taldea, Bonberenea txaranga, Jone kantaria, Izeba Pilarren Ilobak taldeko Gorka eta Deabruak Teilatuetan taldeko Haritzen partaidetza batetik eta Bonberenean grabazioan, entseguetan eta abarreko lanetan parte hartu duten kide guztiak bestetik.

Aitor Mendiluzek hartu du hitza segidan eta egindako hitzek Kilometroak berak eta zabalago ikastolak herrian suposatzen dutena laburbildu nahi izan duela adierazi du, elkarlana, helburak lortzea eta partaidetza.

Bukatzeko Igor Elortza koordinatzaileak prozesu guztian parte hartu dutenak eskertu ditu eta medioei beronen zabalkundea egiteko deia luzatuz amaitu da prentsaurrekoa.