Lehen Ñañarri rallyesprinta jokoan larunbatean


Irurako ikastolak antolatzen duen Kilometroak 08ren alde, larunbat honetan 'Lehen Ñañarri rallyesprinta' burutuko da. Aurkezpenean, Irurako ikastolako Iñigo Iñurrita, KMK-08 batzordeko antolatzaileetako bat eta KMK-08ren koordinatzaileak diren Joxe Mendizabal eta Igor Elortza izan ziren, rallyesprintaren nondik norakoak azaltzeko, Sardara eskuderiako ordezkari Imanol Narbarte eta Gipuzkoako federazioko lehendakaria den Iñigo Cuesta ondoan zituztelarik.


Agerraldian azaldutakoaren arabera, Alegiatik Orendainera joateko bidegurutzean hasiko da 10 kilometro eta 350 metroko luzera duen ibilbidea. Orendainetik eta Abaltzisketatik pasatuko dira rallyesprintean parte hartuko duten 53 gidariak, eta hemen, Larrunarri edo Ñañarri eskuinaldera utzita, Amezketara jaitsiko dira, herrira iritsi baino lehen helmugaratzeko.


Larunbatean goizeko 10:00etatik 12:00etara egiaztapen administratiboak eta teknikoak egingo dira Alegiako herri eskolan. Arratsaldeko 14:15etik aurrera, autoei az-ken uneko ukituak egiteko eta gurpil egokiak ezartzeko, Tolosako Aldaba auzoko Lantier eta Panelfisa enpresen ingurura abiatuko dira. Arratsaldeko 15:30ean puntuan lehenengo autoari irteera emango zaio; ondoren, gainerakoak minutuko tartearekin aterako dira, burutuko diren hiru txandetako lehena hasteko.


Zapirain kotxe berria


Izena emateko epea oraindik itxi ez bada ere, Euskal Herriko piloturik onenak bertan izango direla iragarri zuten atzo. Gainera, esan zutenez, Joseba Zapirainek bere auto berria, Peugeot 206 WRC delakoa, estreinatuko du. Santi Artetxe-Sandra Fernandez-en Peugeot 307 WRCa ere bertan izango da. Xabi Lujua-Txiki Burgos-en Skoda Octavia WRCak ere ahaleginak egingo ditu helmugara lehena iristen. Parte-hartzaileen, artean Gorka eta Aitzol Apalantza anaia errezildarrek osaturiko bikotea ere nabarmentzekoa da, euren Subaru Impreza WRCarekin ahalik eta denbora onena egiten saiatuko diren. Bertan izango da baita Tony Evangelista bere Ford Scort WRCarekin. Esan behar da, era berean, I. Ñañarri Rallyesprint hau 'traseras' koparako puntuagarria izango dela.


Zazpi pilotu junior bertan izango dira; besteak beste, Ion Muñoz, Euskadiko Txapelketan lehena, bere Citroen Saxo-arekin; Ioritz Mendikute, Euskadiko Txapelketan bigarrena, bere Citroen AXarekin. Auto '0'ko gidaria, orain gutxira arte pilotu izandako Xabier Ezenarro orendaindarra izango da, bere kopilotu Joseba Tobarrekin batera.

0 comentarios: