Apalantza anaiak nagusitu ziren atzo 'I. Ñañarri rallyesprintan'


Giro ezin hobea bizi izan zen atzo Txindokipean. Kotxezaleak gainera, hitzordu garrantzitsua zuten iragarrita atzorako, I. Ñañarri rallyesprinta antolatuta baitzegoen arratsalderako. Antolatzaileak jarritako ordurako, 3:30etarako, kotxe guztiak prest zeuden Alegiako irteera puntuan, Orendain aldeko krutzean, euren txanda noiz iritsiko zain. Minutuero kotxe bat atera zen Alegia, Orendain, Abaltzisketa eta Amezketa arteko hamar kilometro pasata egiteko prest. Gidari bakoitzak hiru manga egin behar zituen. Denbora hobena Gorka Apalantzak eta bere anaia Aitzolek egin zuten. Bigarren postua berriz, Joseba Zapirainentzat izan zen, Borja Aguado ondoan zuela, eta hirugarrenak, Santi Artetxe eta Sandra Fernandez izan ziren.


Hasiera batean, 53 gidarik izena eman bazuten ere, antolatzaileek aditzera eman zutenez 49 kotxe atera ziren lasterketan parte hartzea. Dirudienez, komisarioak erabakita bi kotxe gelditu ziren irten gabe. Horietatik 35 gidarik bukatu zuten froga.


Kilometroak 08 Iruran ospatzen dela eta, urtean zehar burutzen ari diren ekintzen artean Lehen Ñañarri rallyesprinta antolatzea ekin zioten, euren ikastola berriaren proiektuari bultzada berri bat emateko asmoz. Erronka handia zen eurentzat baina emaitzak ikusita merezi izan du. Pozik agertzen ziren behintzat atzo rallysprinta amaitu ostean. Zehaztu zutenez «dena primeran atera da, eguraldiatik hasita. Azpimarragarria oso giro polita bizi izan dela egun guztian zehar eta froga iraunduen bitartean ez dela arazorik sortu». Irurako ikastolakoek goizean goiz hasi ziren lanean ibilbidean inguruan eta euren lana bukatu ostean, komisarioen esku geratu zen frogaren martxa.
Pozik egoteko beste arrazoietako bat jendearen erantzuna dela azpimarratu zuten antolatzaileek. «3.000 lagun hurbilduko zirela espero genuen eta gure prebisioak bete egin dira. Gainera, ikusleen artean giro polita egon da eta hauek gozatzeko aukera izan dute». Izan ere, gidariak egindako adierazpenen arabera, «ibilbidea azkarra, polita eta egokia izan da». Beraz, euren kotxeak gustora gidatzen zituzten bitartean, espektakulo ikusgarria eskaini zuten eszenatoki paregabean.


Bukatzeko antolatzaileek esan zuten «Ñañarri rallyesprinta antolatzen den lehen aldia izateko, balantzea oso ona da eta dena ondo atera denez denak gustora gelditu gara». Beraz, beste erronka handia honetan ere Irurakoak: Bikain.

SAILKAPENA
1.-: Gorka Apalantza (Vilariño Motorsport): 16:28:9.
2.-: Joseba Zapirain (Lagun Artea): 17:21:0.
3.-: Santi Artetxe: 17:42:2.
4.-: Iñigo Alustiza (Lagun Artea) 17:50:8.
5.-: Joxe Labaka (Lagun Artea): 17:52:0.
6.-: Txema Uzkudun (Lagun Artea): 18:15:4.
7.-: Iñaki Alberdi (Lagun Artea): 18:25:0.
8.-: Luciano Arrabal (Lagun Artea): 18:26:6.
9.-: Xabier Alustiza (Lagun Artea): 18:28:1
10.-: Xabier Beloki (Urraki): 18:35:0.

0 comentarios: