300 lagun inguru elkartu ziren KMK 2008ren kantu afarian


Anoetako Antolatzaileak «oso gustura» ekitaldiaren nondik norakoekin; herriari eskerrak emateko balio izan du kantu afariak
Kilometroak 2008ko Anoetako Batzordeak eta Ikuskizun Batzordeak bultzatuta, larunbat gauean kantu afaria egin zuten Anoetako frontoian. Antolatzaileak «oso gustura» agertu dira ekitaldia nola izan zen ikusita. «Janaria oso gozoa zegoen eta giroa ere oso ona izan zen. Arrakastatsua izan dela esan daiteke».
Izan ere, 300 lagun inguruk parte hartu zuten. «Batenbat joan gabe gelditu zen, baina kopuru horiekin zerrenda itxi behar izan genuen, bestela esan baikenuen sukaldeko lana ondo bete». Hain zuzen, antolatzaileek Kuku elkartean sukaldari lanetan aritu zirenen jarduna goraipatu dute. «Oso ondo prestatuta zegoen eta hainbeste jenderentzat afaria egitea ez da batere erraza». Afaria eta gero Antton Iztueta arduratu zen elkartu zirenak kantatzen jartzeaz eta bukaeran Unsain Anaiek erromeri giroa jarri zuten.

Eskerrak emanez
Afarian zehar, Kilometroak 2008ren antolatzaileek Anoetako herriari eskerrak emateko baliatu zuten, bai jaialdia antolatzeagatik bai orain arteko beste ekintzetan zein etorkizunean etorriko direnengatik. Horrela, Anoetako Ikastolari, bertako guraso batzordeari, Gaztetxeari, Kuku elkarteari eta Udalari eman zizkioten eskerrak. Bestalde, afaria girotu zuten Antton Iztueta zein Unsain Anaiek ere jaso zituzten esker onak.
Horrez gain, Kilometroak 2008ren inguruko hurrengo ekitaldien berri eman zuten. Hala, martxoaren 8an Pirritx eta Porrotx pailazoen emanaldia izango da eta apirilaren 26an Ñañarri-Irura Rally Sprint antolatuko dute. Azken ekitaldi honetarako boluntarioak beharko dituztela azaldu dute antolatzaileek.




Kantu afaria antololatu dute Anoetan larunbaterako

Kilometroak 2008ren egitasmoan kokatzen da ekitaldia


Kilometroak 2008ren Anoetako Batzordeak kantu afaria antolatu du larunbat honetarako, hilak 23, Anoetako frontoian. Batzordeko kide eta Irurako Ikastolako irakasle diren Ainhoa Artolak eta Maialen Mujikak azaldu dutenez, "herriari laguntza eskatzeaz gain, zerbait egitea nahi genuen. Ikuskizun Batzordearekin batera pentsatu genuen afaria egitea".
Afaria hilaren 23an izango da eta sarrerak erosteko azken eguna hilaren 21a izango da. Txartelak Anoetako Buztina, Itzuli eta Arkupe tabernetan eta Anoetako eta Irurako ikastoletan daude salgai. Helduak 15 euro eta haurrek 8 euro ordaindu behar dute. Haurren txartelak bi ikastoletan soilik daude salgai. Egitarauari dagokionez, afaria bukatzearekin batera KMK-08koen aldetik herriari eskerrak emango zaizkio eta zirkuituaren nondik norakoak azalduko dira Anoetari dagokionez. Ondoren kantu saioa egingo da eta bukatzeko erromeria Unsain anaiekin.

KMK-08 KANTU AFARIA ANOETAN


Non: Anoetako frontoian


Noiz: Otsailaren 23an

Egitaraua
- 20:00etan frontoian elkartuko gara.
- 21:00tan afariari hasiera eman.
- Postrearekin batera KMK-08en aldetik herriari eskerrak eta zirkuituaren nondik norakoak.
- Ondoren, kantu saioa.
- Ekitaldia borobiltzeko, Unsain anaiekin erromeria.
Txartelak salgai

- Anoetako Buztina, Itzuli eta Arkupe tabernetan.
- Anoetako eta Irurako ikastoletan.
- Helduak 15€ eta umeak 8€.

Hotza egingo balu berogailua piztuko genuke.

KMK-08KO EKIMENAK INAUTERIETAN

Aurtengo inauteritan hiru ekimen eraman ditu aurrera KMK-08ko taldeak




Batetik taberna ireki dugu Tolosako Alde Zaharrean. Taberna kalderero egunean ireki zen eta inauteritan ere egunero egon da zabalik goizeko 10:30etatik aurrera. Jende asko ibili da tabernan lanean, guraso, irakasle, batzordeetako kideak eta lanerako prest agertu diren eskualdeko hainbat lagun.


Jendearen erantzuna oso ona izan da. Oso ondo egin da lan eta zoriondu gaituzte itxurazko taberna prestatu dugulako.


Bestetik tonbola zabaldu genuen igandean Foruen Etorbidean. Boleto asko saldu ziren eta opari dezente banatu ere.

Igandean, otsailaren 3an, egon zen zabalik goizean eta arratsaldean. 2.500 opari zozketatu zituzten eta 3 txarteletatik 1 sariduna izan zen. Bidaiak, asteburuko egonaldiak, afariak, bizikleta, apaingarriak, jostailuak, edergintzako produktuak eta beste opari asko banatu genituen.

Azkenik “Auto zozketa” ekimena ere abian jarri zen. Igande, astelehen eta asteartean goizeko 10:00etan hasi eta gaueko 10:00etara bitartean autoaren zozketarako boleto asko saldu ziren San Franzisko kalean.


Balorazio orokorra oso ona da. Jendeak lan asko egin du eta onura eta etekin handia atera diegu hiru ekintza hauei. Bestalde KMK-08ren presentzia aurtengo inauterietan begibistakoa izan da.

INAUTERIAK IRURAKO IKASTOLAN

Eguraldi ona egin zuen eta dena oso ondo atera zitzaigun.Guraso asko hurbildu ziren gure emanaldia ikustera eta benetan dena bikain atera zen.
Argazki hauetan ikus dezakezue nolakoa izan zen ostegun gizeneko gure jaia.


INAUTERIETAN ERE, IRURAKO IKASTOLAREN ALDEKO EKIMENAK.



Inauterien hasiera iragarriko duen suziria gaur jaurtiko dute Tolosan. Gogotsu daude asko, eta lan eta lan beste hainbat. Aurtengo Kilometroak jaia antolatzea dagokio Irurako Ikastolari, eta jai hauei ere probetxua atera nahi die dirua batzeko. Tonbola jarriko dute, egun osoan zabalik izando den taberna zabalduko dute eta auto zozketarako txartelak salgai jarriko dituzte.

Gaur abiatuko dira inauteriak Tolosan eta guztia prest dago jada. Kale bazterrak apainduta, tabernak jan eta edariz lepo... Aurtengo Kilometroak jaiaren ardura duen Irurako Ikastola ere buru-belarri ari da lanean, datozen egunetan leku handia izango baitute jaietan.

Tolosan atzo egindako agerraldian aditzera eman zutenez, urriaren 5ean egingo duten jairako behar duten dirua lortze aldera, hainbat ekimen antolatzea otu zitzaien inauterien harira, eta jendeak emandako laguntzari esker guztiak gauzatu ahal izango dituzte.


Orotara, hiru dira datozen egunetan martxan jarriko dituzten ekimenak. Batetik, inauterietan hain ohiko den tonbola. Baina Foruen etorbidean jarriko dutena berezia izango da inondik ere. Aukeran izango diren sariak Tolosa, Irura eta Anoetako merkatariek eman dizkiete. Orotara, 2.500 sari batzea lortu dute eta 9.000 bat txartel saltzeko asmoa dute. Beraz, nabarmendu zutenez, hiru txarteletik bat sariduna izango da.

Mota guztietako opariak jaso dituzte zozketan emateko. Badira handiak, Teneriferako bi hegazkin txartel, musika entzuteko tresna, bizikleta...; badira xumeagoak ere. «Denetik dago, eta denak oso sari politak dira», adierazi zuten.

Tonbolan ez ezik, izango da Gipuzkoako ikastolen jaiari laguntzeko beste modurik ere. Ikastolako arduradurek taberna bat jarri dute eta inauteriak irauten duten bitartean zabalik izango da, jan edota edan nahi duten guztientzat. Arostegieta kalean dago kokatua, lehen Guria taberna zen lokalean bertan. «Guk `Eraikitzen' izena jarri diogu», jakinarazi zuen Ikastolako zuzendari Iosune Aiestaranek. Horixe da hain zuzen aurtengo Kilometroak 2008ren leloa; izan ere, jasoko duten diruarekin «eraikitzen» ari diren eraikin berria ordainduko dute.

Irurako Ikastolaren aldeko hirugarren ekimen bat ere bada. Inauterietan jarriko dute abian auto zozketa, eta Soldadu kalean izango dira txartelak salgai. Hiru egunetan, igandean, astelehenean eta asteartean, izango da horiek eskuratzeko aukera, goiz eta arratsaldez.


Aiestaranek ekimenok aurrera egin dezaten jaso duten laguntza guztia eskertu nahi izan zuen: «Eskerrak Tolosako Udalari, eman digun laguntza handiagatik; eskerrak taberna utzi digun tabernariari; eta eskerrak tonbola osatzen lagundu diguten merkatarien elkarteei, Alde Zaharrekoei eta Igarondokoei, eta elkarte hauetan ez badaude ere, gurekiko begirune handia izan duten Tolosako, Irurako eta Anoetako dendari guztiei». «Zalaparta honen arrazoi bakarra gure ikastola berria da. Eraikuntza lanak martxa onean doaz eta horregatik oso pozik gaude; lan asko egitea dagokigu, baina oso gustura ari gara», ohartarazi zuen Aiestaranek.